Dagoeneko zenbakitan neur daiteke nazioarteko boikota Israelgo ekonomian egiten ari den kaltea. Jordanen haran okupatuko 21 kolonietan, esaterako, esportazioak %14tik gora jaitsi ziren 2013an, batez ere Europa mendebaldeko supermerkatu kateak Israelgo kolonien produktuak erosteari utzi diotelako —bereziki Erresuma Batukoak eta Eskandinaviako herrialdeetakoak—, Associated Press berri agentziaren arabera.
Piperrak, datilak, mahatsa eta belar freskoen esportazioak jaitsi zaizkie. Guztira, 21 milioi euroren galerak izan dituzte Jordango haraneko 21 koloniek, eta ez dute mina ezkutatu. «Kaltea ikaragarria da», David Elhayani Jordango Haraneko Eskualde Kontseiluko buruaren berbetan. «Egia da, gaur egun ia-ia ez gara ezer saltzen ari Europa mendebaldeko merkatuetara». Michael Deas BDS Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra mugimenduko Europako koordinatzailearen iritziz, «supermerkatuak konturatzen hasi dira hemen beren izen ona jokoan dagoela».
Niva Shai Nitzan nekazariak Zisjordaniako Netiv Hagdud kolonian lan egiten du, eta, Associated Pressi azaldu dionez, orain dela gutxi arte bere piperren eta mahatsen %80 Europa mendebaldeko supermerkatu kateei saltzen zien, batez ere Erresuma Batuari. Baina esportazioak hondoratu egin direla berretsi du Shai Nitzanek, eta orain batez ere Europa ekialdera eta Errusiara saltzen duela azaldu du. Esan du esportazioetan %40ko beherakada izan duela, alegia, bere laborantza eremuari heren bat kendu diotela, eta zalantzak ditu bere negozioak etorkizunik izango ote duen.
Munduaren pazientzia
Ez nekazariak bakarrik, urtarrilean Davosko Foro Ekonomikoan izan ziren ehunka enpresari israeldar ere urduri daude. Israelen kontra indartzen ari den boikotaren harira, mezu bat eta bakarra helarazi zieten nazioarteko enpresari eta erakundeei: «Gatazka honek denon patriketan eragingo du».
Ekialde Hurbilerako konponbiderako BTI plataformak Davosen aitortu zuen Israelek «etorkizun ekonomiko egonkorra eta ona» izan nahi badu halabeharrez lortu behar duela bake akordio bat palestinarrekin. «Mundua pazientzia galtzen hasia dago, eta indartzen ari da zigor ekonomikoen mehatxua. Aukera txiki bat dugu John Kerryren proposamenarekin, eta aprobetxatu egin behar genuke», gainertu zuen BTIk.
Israelgo Nazioarteko Lehen Bankuko zuzendariak ere aitortu du «arazo bat» dela Herbehereetako pentsio funts handienak egindako desinbertsioa. Tel Aviveko Finantza eta Justizia ministroek ohartarazi dute boikotak ekonomia errealean izan ditzakeen kalteez, baina koalizio gobernuko ministro muturrekoenak ez dituzte oraindik konbentzitu.
Enpresari israeldarren beldurra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu