Emakume bat hiru egunez etxean giltzapetuta izatea, bahituta izatea eta jipoitzea, antza, ez da nahiko delitu egilea espetxeratzeko. Begoña Bohoyo oso larri, hil zorian iritsi zen Irungo polizia-etxera, bere erasotzailearen kontrako salaketa jartzera. Goiz horretan bertan, eta ertzain-etxe horretan, ahizpak desagerketa eta tratu txarrak salatu zituen. Ertzaintzak, ordea, ez zuen ezer egin eta ez ziren gizonezkoaren bila joan. Zergatik? Hurrengo egunean telefonoz hots egin zioten eta bere kabuz polizia-etxera azaltzeko «konbentzitu» zuten (herri honetan ezagutzen ditugun bestelako atxiloketetan ez dute, ez, «konbentzimenduaren» neurria baliatzen, ea beti horrela jokatzen duten). Gizonezkoak hala egin omen zuen eta polizia-etxean atxilotu zuten.
Urtarrilaren 2an utzi zuten epailearen esku eta libre utzi zuen. Zer irizpide erabili zituen, ordea? Ertzaintzak ez al zuen biktimaren osasun egoeraren inguruko txostenik egin? Abenduaren 3an Begoña Bohoyoren egoerak okerrera egin zuenean agindu zuen epaileak atxiloketa. Zer gertatuko zatekeen Bohoyoren egoerak hobera egin izan balu? Zergatik jokatu du horrela epaileak? Zaila da «zentzuzko» azalpenik topatzea, are gehiago kontuan hartuta Behoyok sarri jasan zituela tratu txarrak eta iaz, salaketa jartzeaz gainera, harrera etxe batean egon zela. Dena dela, norbaitek eman beharko lituzke azalpenak, Justizia edota Herrizaingo sailburuek esaterako. Eurek dute ardura politikoa.Tamalez, emakume honen kasua ezaguna dugu, egunerokoa baita emakumeen babeserako neurri eraginkorren falta. Urruntze aginduek huts egin dute: Biktimei Laguntzeko Zerbitzuetara jotzen duten emakumeen %88 lehenago ere biktima izana da. Utzi gaitzespenak. Jarri neurriak abian eta aintzat hartu emakumeokin lan egiten duten taldeen eskaerak.
Analisia / Agurtzane Solaberrieta
Epaileak eta Ertzaintzak nora begiratu zuten?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu