Ondorengo ordenean hitz egin du Azpeitiko udal taldeetako ordezkariak gaurko (larunbata) udalbatzarrean. Ondoren egin dute zentsura mozioaren bozketa.
Julian Eizmendi (EAJ)
"Zerk ekarri gaitu hona? Abenduaren 3an Inazio Uriaren erailketak. Egun berean udal areto honetan gertaera larri hura gaitzesteko eta arbuiatzeko aukera izan genuen hamazazpi herrri ordezkariok. ANVko zinegotzi eta alkateak ez zuten hala egin.
Azpeitiar eta euskal hiritargoaren asmoa eta erabakia bere herritarrentzat bakea lortzea da, noski: normalizazio politikoa ere bai, eta herri ordezkaritza dugunok helburu horiek landu eta lortu ahal izateko ezinbestekoa dugu giza eskubide guztiak errotik errespetatzea eta errespetaraztea.
Ezin dugu indarkeria guztien desagerketa ahalbideratuko duen eszenatoki bat lortu arte ETA arbuiatu edo gaitzetsi gabe egon. Guztion elkarbizitza baketsua eraiki ahal izateko, lehenengo zutabea, oinarrizko eskubidea, bizia da. Kanta baten dioen bezala, Errespeta bizia, elkarri merezia”.
Iñaki Errazkin (ezker abertzalea)
"Epaiketa bat planteatu da eta zirko edo show mediatiko bihurtu da. Gaurko honek ez dakit zer aportatzen dion herri honi. Herri honek hitz egin eta denen eskubideak lortu behar ditu, baina behar den bezala, behar den lekuan.
Konponbidea behar du herri honek, guk horretan jarraituko dugu, eta ea behingoz jarri behar den lekuan jartzen garen eta egiten dugun".
Manuel Unanue (EA)
"Hasteko: Uria familiari besarkada bat.
Bigarrena: aste honetan kritika politiko bat jasan dugu eta zilegiak dira kritika, faltsukeriak eta gauza horiek… Baina zuen (ezker abertzalekoen) irizpideak zergatik ez zenituzten erabili hilketaren aurrean? EAJ, berriz, mozioaren aldeko botoa eskatzen hasi zen gorputza hilbeilean zegoela oraindik. Guk hilketaren egun berean erabaki genuen udal gobernua uztea, Aralarrek hurrengoan, eta EAJk bi astera; zergatik bi astera? Gure erabakia: goitik agindu da eta guk onartu egiten dugu. Gu oposizioan geratzen gara.
Hirugarrena: bakea eta askatasunaren alde lanean jarraituko dugu, giza eskubideak defendituz eta errespetatuz, berriro lehengo udal gobernuarekin lortu genuena lortzeko eta konfiantza lortzeko. Horren itxaropena dugu. Giza eskubide guztiak lortu behar dira. Bide berriak hartu, eta bidean elkartuko gara bakea lortzeko.
Laugarrena: argi utzi nahi dugu, guk (Mikel Ibarzabalek eta biok) batasuna dugula, talde bat garela, eta bakoitzak zer lan egiten ari den ondo dakigu".
Juan Karlos Arellano (Aralar)
"Duela urte eta erdi Azpeitiko herrian aldaketa bideak jarri genituen. Ezberdinen arteko akordioa egin genuen. Herria ezkerretik bideratzeko urratsak eman ziren. Orain arte espektatibak bete dira. Ilusioa, lana egiteko era...
Duela hilabete eta erdi ETAk Inazio hil zuen. Ondorengo akordiorik ez genuen adostu. Nabarian geratzen da bereizten gaituena. Gure aldarri bakarra: Giza eskubideak guztiontzat.
Lehen esan nuen, eta berriro diot: ETAk lapurtu dio hitza Azpeitiko herriari, ETAk ez du Azpeitia ezkertiar eta eragile bat martxan ikusi nahi. Zer-nolako Euskal Herria opa digu?
Beste gobernu ezkertiar bat lortzeko akordiorik ez dugunez, honetan abstenitu egingo naiz. Konponbidea ezberdinen arteko hitza delako, bakarra esan behar, eta horrela demostratu dugulako".
Era guztietako mezuak udal ordezkariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu