Erabakiaren gakoak

2014ko apirilaren 29a
07:29
Entzun

• Zer da zenbaketa bikoitza?
Zenbaketa bikoitzaren bidez ezartzen da nola likidatu, bi zigor epai edo gehiago dituzten presoen kasuetan, aurreneko behin betiko epaiaren eta bigarrengoaren artean preso egindako denbora —demagun 12 hilabete—. Denbora horretan, eta lehenengo epaiaren kasuan, Justiziak ezarritako zigorra betetzen ari da presoa, eta, bidenabar, bigarren epaiaren zain dago, behin-behinean preso. Hala, denbora berean, estatus bikoitza dauka. Epai irmo bat betetzen ari den presoa da eta baita ere behin-behinekoa.

• Nola aplikatzen da?
Lehenengo zigorrean aipatu hilabeteak kentzen dira derrigor bete beharreko denboratik, zigorra betetzen ari delako jada. Bigarrenean, berriz, behin-behinean preso egindako denbora gisa hartzen dira kontuan hilabete horiek, eta derrigor bete beharreko denboratik ere kentzen dira gero. Bi zigorretan likidatzen da, beraz. Bi aldiz aplikatzen da. Horregatik da bikoitza. Hala ere, soilik aurreneko bi epaietan hartzen da kontuan; presoak epai gehiago baditu, ez da horietan ezartzen. Aplikazioa modu horretan egitea ezarri zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2008an, eta hala egin behar dute epaitegi guztiek. Konstituzionalak argudiatu zuen orduan Espainiako legedian ez zegoela salbuespenik hori horrela ez egiteko, eta presoaren eskubidea zela hori eskatzea. Konstituzionalak, baina, ez zuen zehaztu zigor berria edo metatua —30-40 urtekoa, epaitua izan den Zigor Kodearen arabera— duten presoen kasuan zer egin behar den.

• Nori eragiten dio?
Epai bat edo gehiago duten presoei eragiten die, baina soilik 1973ko eta 1995ko Zigor Kodeekin epaituak izan direnei. 1995ko kodearen kasuan, gainera, 2010a baino lehen epaituak izan direnei. Izan ere, 2010ean Zigor Kodea aldatu zuen Espainiako Gobernuak, eta bertan behera utzi zuen zenbaketa bikoitza. Ordutik, epaituak izan direnek ez dute eskubiderik hori eskatzeko.

• Zer erabaki du orain Espainiako Auzitegi Nazionalak?
Zigor ezberdinak pilatu eta gehienezko espetxealdia —zigor metatua, 30-40 urtekoa— ezarria duten presoen kasuan zer egin erabaki du. 30-40 urteko zigorretik kendu beharrean, ebatzi du aurreneko bi epaien arteko denbora kentzea zigor bakoitzetik, aurreneko bietatik —eta beraz, zigorren kopuru totaletik: 100 edo 1.000 urte, demagun—. Horrek ezerezean uzten du eskubide horren aplikazioa. Parot doktrinarekin erabili zuen irizpide bera erabili du kasu honetan ere Auzitegi Nazionalak. Parot doktrinaren kasuan, erredentzioak deskontatzen ziren zigorretik —espetxean egindako lanak, ikasketak...—; kasu honetan, berriz, bi zigorren artean preso egindako denbora da kentzen dena.

• Irizpide aldaketarik egon da?
Bai, eta behin eta berriz, azkeneko urteetan 2008ko ebazpenean, Konstituzionalak ez zuen zehaztu nola egin behar zen likidazioa zigor berria edo metatua —30-40 urtekoa— dutenen kasuan. 2013ko azaroan eta abenduan, Gorenak erabaki zuen, kasu horietako batean, denbora hori kentzea zigor metatutik. Handik hilabete gutxira, 2014ko urtarrilean, Auzitegi Nazionalak, eta beste kasu batean, beste irizpidea hautatu zuen; alegia, zigor kopuru totaletik kentzea. Urte bereko martxoan, baina, epaimahai berak atzera egin eta Gorenarekin bat egin zuen. Ia urtebete geroago, Konstituzionalak bertan behera utzi zuen irizpide hori, eta Gorenak azaroko epaia aldatu behar izan zuen. Horretan guztian oinarrituta, orain, Auzitegi Nazionalak auto bat kaleratu du irizpide berria ezarriz. Alegia, Konstituzionalarena. Horrek de facto bertan behera uzten du presoari zenbaketa bikoitza egin ahal izateko eskubidea.

• Zein presori eragingo die erabakiak? Eta nola?
Orain zenbaketa bikoitzak ez du eragin praktikorik izango zigor metatua duten preso guztien kasuan. Auzitegi Nazionalean egin behar zen eskaera, abokatuen bidez, eta auzitegiak erabakitzen zuen likidazio berria egin edo ez. Orain, eta erabaki hau dela eta, zehaztuta daukaten irteera data ez zaie aurreratuko presoei. Horrek esan nahiko du, kasu gehienetan, ez zaiela denbora hori kenduko —bat eta bi urte artekoa izan ohi dena—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.