skotarikoak dira erregearen izendapenaren kontra Hego Euskal Herrian egin diren protestak, goiz eta arratsalde. Estatu eredua aukeratu ahal izateko erreferenduma aldarrikatu dute batzuek, euskal errepublika besteek. Elkarrekin egin dituzte zenbait kasutan protestak, bakoitzak bere aldetik besteetan.
Azto eguerdian, lanuzteak eta elkarretaratzeak egin zituzten EH Bilduko hautetsiek. Ordu laurdenez, udaletxeko kanpo aldera atera ziren herri askotan, ikurrinak eskuetan hartuta. Euskal errepublika aldarrikatu zuten. Gasteizen, udaletxe aurrean ez, Eusko Legebiltzarraren aurrean batu ziren guztiak.
Erreferenduma Gasteizen
Beste ekitaldi bat ere izan zen Gasteizen eguerdi aldean. Ahal Dugu alderdiak errepublikaren eta monarkiaren artean aukeratzeko eskubidea aldarrikatzeko, erreferenduma irudikatu zuen, hautestontzi eta guzti. Andre Maria Zuriaren plazatik igaro ziren herritarrek ontzian botopapera sartzeko aukera izan zuten.
Mobilizaziorik jendetsuenak, hala ere, iluntzean izan ziren. Milaka lagun atera ziren kalera Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, erregearen izendapena salatu eta «demokrazia», erabakitzeko gaitasuna zein errepublika aldarrikatzeko.
Talde errepublikazaleek eta hainbat alderdi politikok bat egin zuten horietako protesta batzuetan. Bilbon, esaterako, EH Bilduk, Ezker Anitzak, Ahal Duguk, Equok, Iratzarri-Ekik eta Ezker Batuak manifestaziorako deialdi bateratua egina zuten. Baita EPK-PCEk, Gazte Komunistek, Antikapitalistek eta beste hainbat talde errepublikazalek ere. Guztiek parte hartu zuten Monarkiari ez, herritarrek erabaki zioen pankartaren atzean egin zen protesta jendetsuan. Pentsaera askotako lau bat mila herritar bildu ziren, udaletxe aurrean hasi, Plaza Eliptikotik igaro, eta Arriaga plazan amaitu zen manifestazioan. Errepublikaren aldeko ikur eta ikurrin asko zeuden; baita Nafarroako bandera batzuk ere. «Monarkia kanpora!» oihua izan zen gehien entzun zena, eta «Gora errepublika!» ere ozen entzun zen. Errepublikaren aldeko eta herritarrek erabakitzeko eskubidearen aldeko mezua eman zuten amaieran.
Ondoren, ibaiaren ertzean egin zuen ekitaldia EH Bilduk. Donostian, Gasteizen eta Iruñean bezala, mosaikoa egin zuen bere eskaerak argi uzteko: Euskal Herria idatzi zuten Bilboko udaletxe parean, eskuetan txartel berdeak hartuta. Donostian Demokrazia hitza osatu zuten; Gasteizen Erabakia, eta Iruñean, Errepublika.
«Demokrazia da aldarrikatzen duguna», azaldu zuten amaierako ekitaldian; «Euskal Herriaren erabakitze eskubidearen aitortza eta errespetua, euskal errepublika askea eratu ahal izateko». Ez dela Espainiaren zati izateko koroarekin akordioak egiten garaia ohartarazi zuten. «Euskal gizarteari hitza emateko ordua da, gizartearen parte hartzerik gabe eraikitako edozein aldaketa ezarpena izango baita».
Beste zenbait lekutan, EH Bildu ez zen batu Ezker Anitzak, Equok, Iratzarrik, Alternativa Republicanak, Antikapitalistek, EPK-k eta beste zenbait taldek egindako mobilizazio bateratuetara. Horiek guztiak Herritarrak gara. Gure etorkizuna erabakitzeko erreferenduma leloarekin manifestatu ziren Gasteizen. Donostian, aurreikusi gabe zegoen arren, errepublikazaleak eta EH Bildu batu egin ziren azken unean.
PSEk ez zuen mobilizatzeko deirik egin. Egaz-JSE gazte taldeak, ordea, erreferenduma aldarrikatu eta konstituzioa aldatzeko eskatu zuen, UGTrekin eta Gazte Kanpusa ikasleen federazioarekin kaleratutako agirian. Atzoko protestetan parte hartzeko deia egin zuten hiru taldeek.