Konpainia kaleko 3. zenbakia okupatu zutenean helburua ez zen eraikina bera, Iruñeko gazte asanbladako kideek jakitera eman dutenez; eraikina beren "proiektua aurrera eramateko tresna" gisara ulertzen zuten. Horregatik, ez dira tematu beraiek okupatutako eraikitzean gelditzera, eta Udalak eskaini dien toki berriak proiektua aurrera eramateko baldintza egokiak dituela uste dutenez, Udalarekin akordioa egin eta hara joatea erabaki dute, prentsaurrekoan azaldu dutenez. Gaztetxea izatea "herri mobilizazioen bitartez" lortu dutela azpimarratu dute, gainera, eta instituzioek ez dietela ezer oparitu.
Badira 11 urte orduko alkate Yolanda Barcinaren aginduz Iruñeko Udaltzaingoak Euskal Jai gaztetxea eraitsi zuela. 2004ko abuztuan izan zen hura, eta, geroztik, gaztetxerik gabe ziren Nafarroako hiriburuko Alde Zaharrean. Abenduaren 5ean, Konpainia kaleko 3. zenbakiko eraikinera sartu ziren hainbat gazte.