Donostian kutxa automatikoa erre dute gaur goizean. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak agertu duenez, 10:45 aldera gertatu da erasoa: lekuko batek azaldu duenez, burua estalita zuten bi lagunek su eman diote Donostiako Nafarroa Etorbideko Kutxaren bulegoko kutxa automatikoari, eta ez erabiltzeko moduan utzi. Kutxa automatikoa erretzeaz gain, eraikinaren behe aldea eta haren gaineko markesina belztuta geratu dira sutearen ondorioz. Goiko etxebizitzak hustu beharrik ez da izan, ordea. Suhiltzaileek esku hartu behar izan dute.
Berangon (Bizkaia) atzo gauean, 21:45 aldera erasoa izan zen. Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak esan du Udaletxearen kontra molotov koktel bat jaurti zutela norbaitzuek. Suhiltzaileei deitu behar izan zieten sua itzaltzeko, baina kalte material txikiak eragin ditu erasoak; funtsean, fatxada belztu baino ez du egin.
Tafallan (Nafarroa) gauerdi inguruan erasoa izan zen, Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak agertu duenez: norbaitzuek lau molotov koktel jaurti zituzten PSNren egoitzara. Aipatutako iturriek esan dute kalteak oso txikiak izan direla, eta fatxada belztera mugatu dira han ere.
Tuteran (Nafarroa) kalteak handiagoak izan dira. Arestian aipatutako iturriaren arabera, gauerdi inguruan izan da han ere erasoa, eta bi molotov koktel jaurti dituzte Santiago Fernandez Portoles kaleko Caja Navarraren kutxa automatikora. Bietako bat soilik lehertu da baina, hala ere, kutxa erabat kiskali du.
Gasteizen eta Getxon (Bizkaia) ere izan dira erasoak azkeneko orduetan.
Erasoak izan dira Donostian, Berangon, Tafallan, Tuteran, Gasteizen eta Getxon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu