ERREAKZIOAK. Alderdi eta eragileen adierazpenak

2010eko martxoaren 17a
18:43
Entzun
Patxi Lopez (Eusko Jaurlaritzako lehendakaria). Hilketa gaitzesteaz gain, ezker abertzaleari zuzendu dio mezua Jaurlaritzako lehendakariak, eta "demokraziarekin batera ETA amaiarazteko" lan egin dezala eskatu dio. "Argi hitz egin behar duzue. Jada ez dago anbiguitatea ezkutatzeko itzalik. ETAren indarkeria gaitzetsi eta arbuiatu behar duzue".

Rodolfo Ares (Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua). "Jaurlaritzaren eta euskal gizartearen gehiengo handiaren izenean atentatuaren gaitzespen indartsu eta irmoena adierazten dut. Muturreko abertzaleen artean politika eta politika besterik egin nahi ez dutela diotenei eskatzen diet kontra jar daitezela argi eta garbi eta gaitzetsi dezatela, bestela ez dira sinesgarriak izango".

Josu Erkoreka (EAJko parlamentaria). "Hilketa arbuiatzen dugu, eta badirudi ETAk iparrik ez duela. Elkartasuna adierazi nahi diegu hildako poliziaren sendiari eta Frantziako Poliziari".

Aralar. "ETAk Frantziako polizia bat hil izana gaitzesten du. Giza eskubideen urraketa oro da arbuiagarria. ETAren alde bakarreko behin betiko etena eskatzen dugu berriro, hori delako gizartearen gehiengoaren nahia, eta Euskal Herrira bakea ekarriko duen bidea. ETAk ez dio sufrimendua besterik eragiten herri honi, eta ez du inolako ekarpenik egiten gatazka gainditzeko, are gehiago larriagotzen du".

EA. "Hilketa gaitzesten dugu, eta inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Herriaren baketzearen eta normalizazio politikoaren alde lanean segitzea. Mugimendu independentista soilik bide baketsuak eta politikoak erabilita baino ez da osatuko. Euskal gizarteak ETAri eskatzen dio behin betiko uzteko armak, baina ETAk entzungor egiten dio".

Nafarroa Bai. "Hilketa gaitzesten dugu eta elkartasuna adierazi poliziaren familiari eta lankideei. Indarkeria behin betiko utzi behar du ETAk, ordain politikorik gabe, printzipio demokratikoengatik, eta gure gizartearen gehiengoaren eskaera delako".

Iñaki Galdos (Hamaikabat-eko presidentea). "Hilketa honekin garbi ikusten da batzuek ez dutela asmorik armak uzteko. ETAk ez du ezer jakin nahi gauza batzuez, baina espero dut ezker abertzalearen prozesua ez joatea pikutara. Dena dela, atzokoari ñabardurak jarri behar zaizkio, ez delako propio bilatutako atentatua ere".

Abertzaleen Batasuna. "ETAk borroka armatua bukatu behar du. Bide zibil eta politikoak erabiliz baino ez da lortuko euskal gatazkaren konponbidea".

EB. "Batasunak ez badio ETAri desagertzeko eskatzen, bide politikoen-eta aldeko bere diskurtsoak ez du balioko".

UPN. "ETAren apustu bakarra indarkeria da, pistolak eta bonbak. Bizitza mespretxatzen du. Kartzela da etakideen destinu bakarra".

Gorka Maneiro (UPDko eusko legebiltzarkidea). "Hilketak erridikuluan uzten ditu ETAren ingurukoak politikara itzularazi nahi dituztenak. Orain galdera da EAk horretan segituko duen edo bere asmoa albo batera lagatzen duen ETAk armak behin betiko utzi arte".

PSOEko Batzorde Federala. "Hilketa gaitzesten dugu, gogor, eta gure babes osoa adierazten diogu hildako poliziaren familiari. Halaber, eskerrak ematen dizkiogu Frantziako Gobernuari, erabateko inplikazioa duelako ETAren aurkako borrokan. Erakunde terroristak ez du lortuko demokraten gehiengoa makurraraztea. ETAk lortuko duen bakarra, bere kideen atxiloketa da".

Mariano Raxoi (PPko presidentea). "Frantziak Espainia laguntzen du terrorismoaren aurka, eskertzekoa da hori, eta oso garrantzitsua litzateke beste herrialde batzuek ere hala egitea. ETArekin ezin da negoziatu, ezta haren ingurukoekin ere. Horiek ezin dute aurkeztu hurrengo urteko udal eta foru bozetara".

Maria Dolores de Cospedal (PPko idazkari nagusia). "ETArekin zerikusia duen ezerk ezin du 2011ko udal eta foru hauteskundeetara aurkeztu, ez dugu onartuko. Guk Zapateroren politika antiterrorista babesten jarraituko dugu, baldin eta irmo segitzen badu ETAren aurka".

IU. "Ezker abertzaleari ETAren terrorismoa gaitzesteko eskatzen diogu. Demokrazian indarkeriaren erabilpenak ez du zilegitasunik. Indarkeria baztertu gabe segitzen duela erakutsi du ETAk".

Lokarri. "Atzo ETAk Frantzian egindako atentatua gaitzetsi nahi dugu. Lehenbailehen amaitu behar du indarkeriak. Hala exijitzen du pertsona guztien Giza Eskubideekiko errespetuak. Gainera, euskal gizartearen gehiengoaren aldarrikapena da. Aldi berean, egoera berri batean gaudela azpimarratu nahi du Lokarrik. Ezker abertzalearen estrategiak bake eta konponbiderako aukerak ekarri ditu. Horrenbestez, hilketa honi emango zaion erantzunak ere berria izan behar du, iraganeko egitura eta formulak gaindituz".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.