Eusko Alkartasunak eta Aralarrek begi onez ikusi dute ezker abertzalearen adierazpena. Hala, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiaren ustez, «hori da Euskal Herrian etorkizunean politikan garatu behar den norabidea». Hala, «ezker abertzaleko bi sentsibilitateen artean elkarrizketa ireki» baterako baldintzak sortzen direla deritzo Zabaletak. EAk «bide egokian egindako urratsa» dela dio, eta horrek Espainiako Gobernua Alderdien Legea ezeztatzearen «urrats logikoa» ematera bultzatu behar lukeela adierazi du.
ELAk ere balorazio baikorra egin du agiriaz. Adolfo Muñoz idazkari nagusiak adierazi du hori dela "jarraitu beharreko bidea". "Bide zibil eta demokratikoen aldeko apustua garbi ageri da. Euren kabuz egindako apustua da, eurenetik egina, eta txalotu egin behar da".
Lokarri gizarte mugimenduak harrera ona egin dio ezker abertzalearen barne eztabaida amaierako ebazpenari, indarkeria desagertarazteko "aurrerapauso esanguratsua" dela iritzi baitio. Lokarriren iduriko, agiriak badu hutsune nagusi bat, "ETAren indarkeriaren gaineko erreferentzia argi bat", baina, esan bezala, aurreraurratsa ikusi du. "Prozesu demokratikoa abiatzeko alde bakarreko jarrera erakutsi du, eta horrek erakusten du beste alderdi eta instituzioek esango dutenaren zain egon gabe pausoak emateko borondatea".
Bakearen eta elkarrizketaren aldeko gizarte mugimenduarentzat kontuan izateakoa da ere ezker abertzaleak bere egin dituela Mitchell senadorearen oinarriak, eta printzipio horietan indarkeriari uko egiten zaiola azpimarratu du. "Erabaki horren irakurketa koherente batek esan nahiko luke ezker abertzaleak jada indarkeriaren erabileraren kontrako jarrera hartu duela".
EB Ezker Batuak ere harrera ona egin dio agiriari, "bide onean" doala esanda. Mikel Aranak, EBko koordinatzaile nagusiak, ordea, beste pauso bat eskatu dio ezker abertzaleari: "ETAren existentziaz ezin du abstrakzioa egin, eta desegiteko eskatu behar dio".
ERREAKZIOAK. EAk, EBk, ELAk, Aralarrek eta Lokarrik harrera ona egin diote agiriari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu