ERREAKZIOAK. Ezenarro (Aralar): "Jaurlaritzak Espainiako armadarekin batera hartu du lur gaur"

2009ko maiatzaren 7a
15:17
Entzun
Aintzane Ezenarro (Aralar)

"Patxi Lopezek agintea hartzeko ekitaldian, Eusko Jaurlaritzak Espainiako armadarekin batera hartu du lur gaur Gernikan", esan du Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak. "Aralarrek burua hotz eta bihotza bero duela egingo dio aurre Jaurlaritza berriari. Gobernua frontista, espainolista eta gizartearen gehiengoa kanpo uzten duena da".

Aralarrek Lopezen aginte hartzera joateko asmoa Euskal Ganberaren osoko bilkura guztietan parte hartzea erabakia duelako dela adierazi du. Aralarrek herriaren eskubide historikoak eta demokratikoak babesten jarraituko duela adierazi du, "baita banakuntza eskubidea ere, herritarren gehiengoaren nahia hori bada".

Iñigo Urkullu (EAJ)

Iñigo Urkullu EAJko presidenteak baieztatu du "EAJk Eusko Legebiltzarrean dituen 30 legebiltzarkideek eta bere alderdiko ordezkariek euskal erakundeetan izango duten presentziak Euskadin gehiegikeriak egitea eragotziko" dutela.

Baieztapen hori ez dela mehatxua nabarmendu du Urkulluk, "baizik eta EAJk alderdi bezala duen konpromisoa bermatzeko modua".

"EAJ ez da Jaurlaritza berriaren konplize izango, baina herritarrekin arduratsua izango da", adierazi du Urkulluk.

Horrez gain, Juan Jose Ibarretxe bezalako lehendakari bat berriro izatea oso zaila izango dela gaineratu du Urkulluk.

Jose Antonio Pastor (PSE-EE)

"Patxi Lopezen gaurko zin egite ekitaldiarekin Euskadin eta Espainia osoan demokraziarako trantsizio fasea amaitutzat eman daiteke", Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailearen arabera.

Lopez lehendakari izendatzeak "historikoki duen garrantzia" nabarmendu du Pastorrek, "iraganeko ate bat itxi da eta etorkizunari begira garai berri bati hasiera eman zaio".

"Aldaketari, esperantzari, lanari eta erantzukizunari hasiera emango zaion garaia hasi du Lopezek", Pastorren arabera: "Gaurtik aurrera guztion arten lanean hasteko unea da, denon elkarlanarekin finantza krisitik irteteko eta Euskadi merezi duen lekuan kokatzeko garaia da".

EA: "Lopezen zin egitearekin engainua bete egin da"

"Patxi Lopezen gaurko zin egite ekitaldiarekin engainua bete egin da", Eusko Alkartasunaren (EA) ustez: "Historian lehenengo aldiz, lehendakariak ez du herritarren gehiengoaren nahia islatzen".



Legeen manipulazioak eta Justizia espainolak lehendakari sozialistaren aukeraketa bermatu dutela salatu du EAk.

Patxi Lopezen agintaldia "parentesitzat" jo du EAk. Agintaldi hori ahalik eta motzena izateko konpromisoa hartu du EAk, modu horretara, "etorkizunean Eusko Jaurlaritzak herritarren gehiengoaren nahia irudikatzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.