ERREAKZIOAK. Iran: "Bushen porrota agerian geratu da"

2008ko azaroaren 5a
12:34
Entzun
Iran: "Bushen porrota agerian geratu da"

"Obamaren garaipenak Bushen nazioarteko politikaren porrota agerian utzi du. AEBek aldatu beharra dute, Bushen sartutako zulotik irteteko".

Yusuf Raza Guilani (Pakistango lehen ministroa)

"Bakea eta egonkortasuna sustatzeko elkarrekin lan egiteko eskaintza egiten diogu Obamari".

Hu Jintao (Txinako presidentea)

"AEBen eta Txinaren arteko harremanei garrantzi handia ematen diegu. Aro berri honetan lankidetza eraikitzailea lortu nahiko genuke, eta konfiantza handitu".

Tzipi Livni (Israelgo Kanpo Harremanetarako ministroa)

"Obama Israelera etorri zenean, hark gure herriarekiko erakutsi zuen konpromisoarekin harrituta geratu ginen. AEBekin lankidetza estrategikoarekin jarraitu nahi dugu".

Mahmud Abbas (Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea)

"Obamak Israelen eta Palestinaren bake prozesua laguntzen segituko duela espero dut".

Grigori Karasin (Errusiako Kanpo Harremanetarako ministro-ordea)

"Elkarrekin lan estuagoa egingo dugulakoan gaude. Emaitza hauek ikusita, AEBek munduko arazoen aurrean jarrerak berrituko dituzten ustea dugu".

Nicolas Sarkozy (Frantziako presidentea eta Europako Batasuneko txandakako burua)

"Obamaren garaipenak Frantzian, Europan eta munduan egundoko itxaropena sortu du. AEB irekia, solidarioa eta indartsua da itxaropen hori. Munduan bakea eta ongizatea izateko lan egingo dugu haiekin".

Gordon Brown (Erresuma Batuko lehen ministroa)

"Obamarekin modu estuan lan egin nahi dugu hurrengo hilabete eta urteetan. Ezagutzen dut hura eta balore askotan bat egiten dugu. Une ekonomiko zail hauetan gobernuek jendea lagundu dezakete, justiziarekin".

Angela Merkel (Alemaniako kantzillerra)

"Munduak erronka handiak ditu eta horiei eusteko animatzen dut Obama. AEBak eta Europa lankidetzan ariko dira, eta aukerak baliatzen jakingo dugu".

Jose Manuel Durao Barroso (Europako Batzordeko presidentea)

"Orain, gaurko krisia aukeran bihurtzeko, Ameriketako Estatu Batuek Europarekin bat egingo dutela espero dugu. Mundu berri baterako hitzarmen berria behar dugu, eta AEBak ere behar ditugu hori gidatzeko. Obamak Europako Batzordearen babesa badu".

Jose Luis Rodriguez Zapatero (Espainiako presidentea)

"Nazioarteko harremanetarako aro berria zabalduko da Obamak irabazita. Egun historikoa da, eta aldaketa nahia nagusitu da AEBetan".

Felipe Calderon (Mexikoko presidentea)

"Zorionak Obamari, eta Mexikora etortzeko gonbitea egiten diot. Bi herrialdeon arteko harremanak sendotzeko konpromisoa dugu".

Taro Aso (Japoniako lehen ministroa)

"Elkarrekin lan egiteko desioa agertu nahi dut, eta AEB-Japonia harremana gehiago sendotzeko ahaleginduko naiz. Ekonomia, terrorismoa eta ingurumena dira munduan ditugun erronkak".

Vatikanoa

"Ea Jainkoak laguntzen dion Obamari. Itxaropen handia piztu du honek".

Nelson Mandela (Hegoafrikako presidente ohia)

"Zorionak Obamari. Mundu hobea lortzeko ametsa ezin da inoiz bazterrean utzi, hori erakutsi du hark. Munduan bakea eta segurtasuna lortzeko konpromisoa dauka, eta txalotu egiten dut hori".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.