ERREAKZIOAK. Jaurlaritza: "ETAk ez du eragotziko gizartea askea izatea"

2007ko irailaren 25a
18:35
Entzun
Eusko Jaurlaritza: "ETAk ez du eragotziko gizartea askea izatea"

Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan duenez, "ETAk ez du eragotziko gizartea askea eta demokratikoki aurreratua izatea, askatasunean bizitzeko eta pentsatzeko eskubidea dugulako, eta gure etorkizuna nolakoa nahi dugun erabakitzeko eskubidea dugulako". Gaurko erasoa gaitzetsi egin du Jaurlaritzaren izenean. "Ia herritar denek, baita ezker abertzaleak berak ere, edozein erako indarkeria baztertu egiten dute, eta hori ETAk, gainera, oso ondo daki".

Olano: "ETAren autismoak mina besterik ez du eragiten"

Markel Olano (EAJ) Gipuzkoako ahaldun nagusiak gaitzetsi egin du gaur Zarautzen (Gipuzkoa) ertzain etxearen kontra egindako erasoa, eta ETA jo du egiletzat. "ETAren autismoak mina besterik ez du eragiten", esan du Olanok, "eta euskal gizartearen gehiengo handi-handi batek baztertu egiten du". Bake prozesua bonbekin ezin dela eraiki dio.

ETAren "diskurtso bakarra indarkeria" dela salatu du Zarauzko Udalak

Zarauzko Udalak batzarra egin du erasoa salatzeko, eta gaur 20:00etarako elkarretaratzea deitu du. Jon Urien (EA) alkateak irakurri du udaletxean ordezkatuta dauden alderdi denek adostu duten testua -EAk, EAJk, PSE-EEk, EB-Aralarrek eta PPk; EAE-ANV baliogatu egin zuten Espainiako auzitegiek-, eta, "Euskal Herriaren desioa mespretxatuz", ETAren "diskurtso bakarra indarkeria" dela salatu du. Erakunde armatuari "desagertzeko" exijitu diote, "xantaia eta indarkeria porrotera bideratuta daudelako".

EAJren ustez, "atentatuak urrundu egiten gaitu baketik eta normalizazio politikotik"

EAJren Gipuzku Buru Batzarraren (GBB) ustez, "atentatu honek bakearen eta normalizazio politikoaren helburuetatik urrundu egiten gaitu". Erasoa "etikoki eta moralki gaitzesteko modukoa" dela iruditzen zaio, "eta ez du euskal gizartearen gehiengo handiaren borondatea errespetatzen".

Elola: "Nire anaiaren aurkako erasoaren egile berberak dira"

Joan den maiatzaren 24an Patxi Elola Zarauzko PSE-EEren zinegotziaren anaiaren autoaren kontra eraso egin zuten ezezagun batzuek, eta Patxi Elolak berak gaur esan du orduko eta gaurko erasoaren "egileak berberak" direla. "Batzuetan kale borroka bezala janzten dira eta beste batzuetan ETA bezala, baina niretzat gauza bera dira. ETA eta Batasuna, gauza bera dira".

Rodolfo Ares PSE-EEren bozeramaileak Ertzaintza "animatu" du "terrorismoaren aurkako borrokan eta demokraziaren eta askatasunaren aldeko defentsan segi dezan".

Jose Blanco PSOEren antolakuntza idazkariaren ustez, berriz, "Polizia bikain ari delako erreakzionatu du ETAk Zarautzen". Ustezko etakideak atxilotzen jarraitu behar dela iritzi dio.

EBk dio erasoa "autogobernuaren kontrakoa" dela

Mikel Arana EBren presidentziarako bozeramaileak esan du gaurko erasoa "autogobernuaren kontrakoa" dela, "Ertzaintzaren aurkakoa delako". Batasunari mezua luzatu dio, "ezin duelako denbora gehiagoz isilik egon; atentatu hau arbuiatzeko behar politikoa eta etikoa dauka".

Aralar: "Bide politikoak baino ez dira erabili behar"

"Ideiak eta irizpideak defenditzeko, bide politikoak baino ez dira erabili behar". Hala esan du Jon Abril Aralarren koordinatzaileordeak Zarauzko atentatua baloratzean. Arbuiatu egin du erasoa, eta "Euskal Herriarentzat behin betiko bakea lortzeko oinarriak" behar direla uste du.

PP: "ETAk eta Batasunak Ertzaintzaren kontra daramaten kanpainan sartzen da hau"

PPk ere gogor gaitzetsi du gaurko erasoa, eta "ETAk eta Batasunak Ertzaintzaren kontra daramaten kanpainaren barruan" sartzen dela uste du Maria Jose Usandizaga PPren Gipuzkoako presidenteak. "Ertzaintzaren kontrako eraso bakoitza, gu denon kontrako erasoa da, euskal gizartearen kontrakoa, Ertzaintza gure Polizia delako. Honek erakusten du kriminal hauek euskal gizartea bukatu nahi dutela".

"Gatazka bukatzeko benetako eragozpena da indarkeria", ELAren ustez

ELA sindikatuaren iritziz, "euskal gatazka bide demokratikoetatik bukatzea bilatzeko benetako eragozpena da indarkeria", eta ETAri armak uzteko exijitu dio. "Jendearen segurtasuna arriskuan jartzeaz gain, gure gizartean liskarra areagotu besterik ez du egiten".

CCOOk dio Ertzaintzaren langileen aurkako erasoa izan dela

CCOO sindikatuak dio gaurko erasoa Ertzaintzaren langileen kontrakoa dela, erakundearen beraren kontrakoa izateaz gain. "Gizarteak bakea nahi du, eta ETAk hori entzun beharra dauka".

Ernek Segurtasuneko sailburuordearen dimisioa eskatu du

Erne Ertzaintzaren sindikatuak Mikel Legarda Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordearen dimisioa eskatu du, ertzainen segurtasunaren alde "behar bezala ez" lan egiteagatik. Ertzaintzak orain arteko zeregin berean segituko duela esan die atentatuaren egileei Ernek, "ezinbesteko lana delako".

Esan-en iritziz, ETAren helburuetan "lehentasuna da Ertzaintza"

Esan Ertzaintzaren sindikatuaren ustez, gaurko atentatuarekin "Ertzaintza ETAren helburuetan lehentasuna" dela ikusi da. Ertzainek baliabide gehiago behar dituztela eskatu dio Herrizaingo Sailari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.