PSE-EEk hotz hartu du ezker abertzalearen agiria. Jose Antonio Pastor Antolakuntza idazkariak esan du "lehengoaren errepikapena" baizik ez dela dokumentua. Eta hori nahikoa ez dela esan dio ezker abertzaleari: "Ekintzen bidez adierazten digutenean zer egin nahi duten benetan, orduan baloratuko dugu. Hitzen garaia ez, ekintzena da". Haren arabera, PSE-EEren eta PPren arteko akordioak ahalbidetu du eztabaida politikotik "zokoratzea" gisa horretako ekimenak. "Eztabaidaren erdian jendearen eguneroko arazoak jarri ditugu".
Bide beretik hitz egin dute Eusko Jaurlaritzako kideek. Idoia Mendia bozeramaileak esan du ezker abertzaleak lehengo ere aipatu izan dituela gisa horretako asmoak. "Hitz eta asmo onak ez dira nahikoa, hitzetatik ekintzetara egiteko unea da orain". Mendiak nabarmendu du ETAren indarkeria ez duela gaitzesten agiriak: "ETArengandik aldendu behar du ezker abertzaleak, edo hura konbentzitu indarkeria utz dezan". Harago joan da Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua: "ETArengandik bereizteko ahaleginik ez du egin ezker abertzaleak agirian".
ERREAKZIOAK. PSE-EEk dio agiriak ez duela batere berritasunik ageri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu