Jean Serge Nerin ustez ETAko kideekin izandako tiroketan hildako Frantziako Poliziako kidearen heriotza "asko sentitu" duela azpimarratu du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak. Areago, hildakoa Espainiako segurtasun indarretako kide bat balitz bezala sentitu duela erantsi du: "Jendarme horren hilketa gure Estatuko segurtasun indarretako kide batena bezala sentitu dut, badakidalako zenbateraino laguntzen diguten, eta askatasunaren eta ETAren amaieraren kausa guk bezalaxe sentitzen dutela".
Kongresuan egin ditu adierazpen horiek Zapaterok, atzoko hilketa gaitzesteko komunikabideen aurrean egin duen agerraldi berezian. Ildo horretatik, Frantziak Espainiari ETAren aurka ematen dion laguntza "garesti ordaindu" behar izan duela nabarmendu du, baina aurrerantzean ere elkarlanean segituko duela erantsi du.
ETAri dagokionez, azkenaldian Poliziaren eragingarritasunari esker erakunde armatuaoso estu dabilela adierazi du, baina, era berean, "helburu kriminal eta zitalei" eusten diela.
Rubalcaba: "Hilketa gaitzesten ez duenak ezin du botorik eskatu"
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak adierazi du ETAk indarkeriarekin segituko duela; "hilketa honek frogatzen du hori". Berriro zuzendu zaio ezker abertzaleari. "Izan ere, hilketa gaitzesten ez duenak ezin du botorik eskatu. Edo hildakoak, edo botoak".
Frantsez poliziaren heriotzaren ondorioz, Frantziako eta Espainiako gobernuek lankidetza "are gehiago" sendotuko dela adierazi du.
ERREAKZIOAK. Zapatero: "Frantziak garesti ordaindu du ETAren aurka Espainiari emandako laguntza"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu