Fidel Castroren osasun egoerak eta aldi baterako herrialdearen buruzagitza bere anaiaren esku utzi duela jakiteak hainbat erreakzio sortu ditu:
AEB: "Kubaren askatasun egunerako lanean jarraituko dugu"
Etxe Zuria "gertutik jarraitzen ari da" Kubako egoera. Ohar labur bat irakurri du Pete Watkins Etxe Zuriko bozeramaileetako batek eta ez du Castroren osasun egoerari buruzko eta izan ditzaken ondorioen gaineko iritzirik eman nahi izan: "Ezin dugu Castroren osasunaren inguruko informazio zehatzik gabe arin hitz eginm, baina lanean jarraitzen dugu Kubaren askatasun egunerako".
Hugo Chavez: "Lehenbailehen osatzea espero dugu"
Hugo Chavez Venezuelako presidentea Vietnamen dago, bisita ofizialean eta bertan jakin du Castrok bere anaiaren esku utzi duela herrialdearen gidaritza. Castro gaixo dagoela jakitea "albiste kezkagarria" dela iritzi dio Chavezek. "Bihotz bihotzez espero dugu Castrok lehenbailehen osatzea beti gurekin egoteko", gaineratu du. Antza denez, Habanarekin telefonoz hitz egin du Chavezek Vietnamdik bertatik. "Gora Fidel Castro!”, izan dira Chavezen azken hitzak kazetarien aurrean.
Batasuna: “Albiste txarra da”.
Pernando Barrena Batasuneko kidearentzat Castroren gaixotasuna berri txarra da: “Hamarkadatan zehar Kuba sozialismoranzko berezko bidetzat jo dugunontzat Castroren gaixotasuna albiste txarra da”. Gainera Batasuneko buruzagiak espero du "komunikabide gehienetan iragartzen ari diren bezala ez amaitzea”.
Espainiako Gobernua:"Castro ahalik eta lasterren osatzea espero dugu"
Espainiako Atzerri ministro Miguel Angel Moratinosek, ahalik eta azkarren osatzea opa dio Kubako presidenteari: “Gure enbaxadoreak gaur goizean deitu digu Fidel ospitalean zegoela esateko eta aldi baterako kargua bere anaiaren esku utzi duela jakinarazteko”. Boterearen aldaketari dagokionez adierazi du “Kubako sistemak berak horrela ezarria dagoela”.
ERREAKZIOAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu