ERREAKZIOAK.

2008ko maiatzaren 28a
18:27
Entzun
Patxi Lopez (PSE-EEko idazkari nagusia)

"Ibarretxek konfrontazioa bilatu nahi du, ez elkarrizketa eta akordioa, eta hauteskundeei begira dago. Urkulluk aipatu zuen ETAren gaitzespena jasoko zela lehen galderan, baina Jaurlaritzak ez du jaso halakorik. Nabarmen utzi dute Urkullu. Beraz, helburua EHAKren babesa lortzea da, eta lege proposamen honek ETAri ekimena ematen dio".

Mikel Irujo (EAko Komunikazio arduraduna)

"Ez dago arrazoirik kontsulta errefusatzeko. Proposamenak Madrilek Euskal Herria nazio gisa onartzea nahi du, eta horri diote benetan beldurra Madrilen. Eta indarkeria, aitzakia bezala jartzen dute. Lege proposamenarekin eztabaida politikoa egingo da eta ezin dugu atzera begiratu".

Aralar

"Aralarrek ondo baloratzen du galdeketa egiteko lege proiektua, gatazka politikoaren muinari heltzen diolako, eta, beraz, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko akordioaren beharra planteatzen duelako. Normalizazio bidean, blokeo politikoa gainditzeko bidean, lehen pausoa besterik ez da proiektua. Proiektu politiko guztien eztabaidari, bazterketarik gabekoari, eta ezberdinen arteko akordioari atea irekitzen dio. Gizarteak proposamena onartuko balu Euskal Herria subjektu politikoa dela berretsiko genuke".

Jose Antonio Alonso (PSOEko bozeramailea Espainiako Kongresuan)

“[Espainiako] Konstituzioaren kontrakoa da Ibarretxeren egitasmoa, eta ez du inolako etorkizun politiko eta juridikorik izango. Ezinegon sozial eta politiko handia sortuko du Euskadin. Ibarretxek zurrunbilo batean sartu du EAJ”.

Ramon Jauregi (PSOE)

“Jaurlaritzaren ekimen hori porrotera bideratua dago. Ez du ezer konpontzen egitasmoak, herria zatitu egiten du, ez du bakea ekarriko. Hauteskudeei begira Ibarretxek biktima gisa azaldu nahi du eta horretarako estrategia dauka. Espainiako Gobernuaren eta ETAren artean sartu nahi du, formula magikoa edukiko bailuen”.

Tasio Erkizia (ezker abertzaleko militantea)

“Ibarretxek prozesua seriotasunez, hauteskundeetako eperik jarri gabe eta tranparik barik egiten badu, ezker abertzalearen babes osoa edukiko du. Orain arte arinkeriaz eta alderdikeriz aritu da, eta EAJ PSOEren menpe dago. Ezker abertzalea ez da umekeriatan eroriko”. [Ibarretxek galderak jakinarazi aurretik egin ditu Erkiziak adierazpenak]

Maria Jose Usandizaga (Gipuzkoako PPko presidentea)

"ETA garaitzeko ez du balio Ibarretxeren proposamenak. ETA gaitzetsi gabe legezko babesa eman nahi diote erreferendumari. Beraz, atzera egitea da hori".

Ignacio Astarloa (PP)

"[Espainiako] Konstituzioari egindako erronkarik larriena da, eta horren kontra egiteko konpromisoa hartuko dugu, bai juridikoki, bai politikoki".

Alberto Catalan (UPN; Nafarroako Gobernuko bozeramailea)

"Euskal nazionalismoak tematuta segitzen du, eta Ibarretxeren proposamena tokiz kanpo dago. EAEren eta Espainia osatzen duten besteen artean enfrentamendua sustatzen ari dira".

Lokarri

"Alde denekin akordioa lortzeko aukera guztiak jorra ditzala eskatzen diogu Jaurlaritzari, baita gauza batzuk malgutu behar badira ere. Bakerako eta normalizazio politikora bidea desblokeatu egingo du lege proposamenak. Zilegi ez dena, demokratikoa ez dela esatea, ezezko biribilean egotea eta alternatibarik ez aurkeztea da".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.