ERREAKZIOAK.

2009ko uztailaren 29a
14:20
Entzun
Patxi Lopez (Eusko Jaurlaritzako lehendakaria)

"Burgosko atentatua erabat gaitzesten dut, herritarren artean mina eta beldurra eragiten duelako. Hori da ETAk egiten dakien bakarra. Zauritu guztiak ahalik eta azkarren suspertzea eta psikologikoki atentatuak sortu dien trauma gainditzea nahi dugu. Ozen oihukatu behar dugu bakean bizi nahi dugula. Demokratak batuta mantendu behar dugu mota honetako atentatuen aurrean. Terroristen bide bakarra kartzela izango da. Atentatutako biktima eta senide guztiei nire elkartasuna adierazten diet".

Idoia Mendia (Eusko Jaurlaritzako bozeramailea)

"Gerta zitekeena ikusita, ia ezer ez da pasatu. Min handia egitera joan da ETA, eta gaitzetsi egiten dugu atentatua. Alderdi denok bat egin beharra dugu ETAren aurka, inpunitate guneak murrizten joateko. Terrorismoak ez du lekurik demokrazian".

Alfredo Perez Rubalcaba (Espainiako Gobernuko Barne ministroa)

"Guardia Zibilaren aurkako erasoa izan da eta guztiz gaitzesten dugu. Gainera horien familien aurkako erasoa ere izan da eta horrek oraindik gaitzesgarriago egiten du atentatua".

EAJ

"Ia miraria izan da Burgosko atentatuan hildakorik ez izatea, ETAk astakeria egin duelako. ETAk horrela ospatu nahi du bere 50. urteurrena. Bukatu beharra du, ordea. Euskadiren eraikuntzaren nazionalean hura da oztopo nagusia".

EA

"Erabat gaitzesten dugu atentatua. ETAren indarkeriak ez du zentzurik, eta gizartea nazkatuta dago harekin. Herri honen normalizazioa, giza eskubide denak errespetatzean etorriko da".

Patxi Zabaleta (Aralarreko koordinatzailea)

"Atentatua arbuiatu egiten dugu. Helburu politikoak lortzeko, bide politikoak baino ez dira erabili behar. ETAk indarkeria utzi beharra du".

Hamaikabat

"Mota honetako ekintzek agerian uzten dute ETAren asmoa askatasuna mugatzea dela. Euskal gizarteak ETAren indarkeria baztertu eta armak uzteko eskatzen du. Atentatua erabat gaitzesten dugu".

Nafarroa Bai

"Berriro ere indarkeria uzteko eskatzen diogu ETAri, oinarri demokratikoetan lekurik ez duelako eta nafarren gehiengoak hala eskatzen duelako".

Mikel Arana (EBko koordinatzaile nagusia)

"ETAren helburu bakarra gizartean ahal den min handiena egitea da".

Oskar Matute (Alternatiba Eraikitzeneko buruzagia)

"Gizartearen gehiengoak ETA desagertzea nahi du eta ETAk ez du eskaera hori entzuten. Burgosko atentatuarekin sarraski izugarria eragin zezaketen. Atentatua guztiz gaitzesten dugu".

UPD

"Espainiako Gobernuak bere agendan lehentasuna eman beharko lioke terrorismoari".

UPN

"Legearen, justiziaren eta Zuzenbide Estatuaren indarrean babestu behar dugu demokratok terrorismoa gailentzeko. Terroristek ez dute inoiz beren helburua lortuko".

PSN

"Justiziak amaituko du ETArekin".

Arantza Quiroga (Eusko Legebiltzarreko presidentea, PP)

"Atentatuaren irudiak beldurgarriak dira, eta eskerrak kalte handiagorik ez den izan. ETAren aurka bat eginda gaude, eta horrek itxaropena sortzen dit. ETA bukatuko dugu, eta bakean eta askatasunean biziko gara".

Elma Saiz (Espainiako Gobernuaren ordezkaria Nafarroan)

"ETAk ez ditu behin ere lortuko bere helburuak, gizarteak bukatuko duelako erakunde terrorista".

Juan Vicente Herrera (Gaztela eta Leongo Gobernuko presidentea)

"Jendea hiltzera joan da ETA".

Mariano Raxoi (PPko Espainiako presidentea)

"Guardia Zibilari nire elkartasun osoa adierazten diot. Espainiako Gobernuak atentatuaren egileak aurkitzerako garaian nire babes osoa izango du. ETAren aurrean demokratek dugun batasuna talde armatuari aurre egiteko bide eraginkorrena da".

ELA

"Hertsatze bideak alde batera uzteko eskatzen diogu ETAri. Atentatuek urduritasuna eragiten dute euskal gizartean. Gatazka politikoari irtenbidea emateko modu bakarra bide zibilak eta demokratikoak erabiltzea da".

Bakearen Aldeko Koordinakundea

"ETAren udako kanpainako ohiko lehen atentatua da Burgoskoa. ETAk sekula ez du lortuko bere xedea, burujabetasuna eta erabakitzeko eskubidea herritarrek dutelako. Euskal gizarteak ETAren aurka egitelo behar morala du".

Terrorismoaren Biktimen Elkartea

"ETAren helburu bakarra hiltzea da eta gaurkoan zorionez ez du lortu. ETAk desagertu beharra dauka".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.