EA
"Babesa eta elkartasuna erakutsi nahi diegu auzipetuei eta Auzitegi Nazionala Egunkariaren aurka arrazoi politikoengatik ari dela salatu nahi dugu eta ez arrazoi juridikoek bultzatuta".
ELA
"Erabaki politiko hori onartezina da. Ebazpen hau epaileen bidegabekeria katean azken alea da; izan ere, Egunkariaren kasuan ez baita izan taxuzko estatu demokratiko bateko auzibideetan ohiko den zorroztasunik, ez bermerik ere. Erabaki honekin gure herriaren historian beste orrialde mingarri bat idatzi dute".
Karlos Garaikoetxea (Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia)
"Lehenik eta behin, besarkada handi bat eman nahi diet auzipetu guztiei, baita elkartasuna adierazi ere. Bigarrenik, ulertezina iruditzen zait nola kasu honetan Botin doktrina ez den ezarri. Botinen auzian ezarri egin zen; oraingoan, berriz, ez. Hirugarrenik, uste dut Espainiako Estatuan Justiziak justizia bilatu beharrean, mendekua bilatzen duela".
Andres Urrutia (Euskaltzainburua)
"Hori ez da albiste ona. Espero dezagun justizia egitea. Espero dezagun libre ikustea jendea. Legegilea naizen aldetik, Justizian sinesten dudan neurrian, azkenean espero dut justizia egingo dela. Epaia eman arte, sekula santan ezin liteke esan zantzurik, iritzirik eta bestelakorik. Uste dut arrazoia inposatuko dela".
Mariano Ferrer (kazetaria)
"Uste dut zentzugabekeria bat dela. Baina hainbeste ikusi ditugu azken urteetan ezusterako ahalmena bera ere galdu egiten dela Uneotan hitzak falta zaizkit. Hainbeste argudio eman dira, azkenean ikusi nahi ez duen eta entzun nahi ez duen jendea dagoela.".
Garbiñe Biurrun (Epailea)
"Ondo iruditzen zait aurrera egitea, nahiz eta auziaren sakonean deliturik ez dagoela pentsatu. Hori epaiketa batean erabakiko da. Ez dut arazo formalik ikusten eta iruditzen zait herri akusazio hori ez dela mugatu behar".
Jesus Uzkudun (CCOOko kidea)
"Hemen konfrontazio batean sartzen da eta nahastu egin dute batetik borroka armatuan ari diren erakundeak eta bestetik gizarte osoa. Nik uste dut horrek ez diola inolako faborerik egiten ez Euskal Herriari ez bake bideei. Epaiketara joateak erakusten du egurra emateko prest daudela, Egunkaria bezalako kontu garbi batekin. Hori salagarria da".
ERREAKZIOAK.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu