EAJ (Galeusca)
Josu Jon Imaz: “Espainiako Estatuaren proiektua birformulatzeko ezinbesteko hizketakide bihurtu gara”
EAJko lehendakari Josu Jon Imaz gustora agertu da lortutako emaitzekin (Galeuscak hiru ordezkari izango ditu, horietako bat EAJrena). Bere ustez, “Espainiako Estatuaren proiektua birformulatzeko ezinbesteko hizketakide” bihurtu dira. Atzo emaniko prentsaurrekoan nabarmendu zuenez, EAJk historiako emaitzik onenak lortu ditu ehunekoei begiratuta (%35,3).
Autonomi erkidego batean PSOEri PPri aurre hartu dion alderdi bakarra direla azpimarratu zuen. Hori, beraien izaera “europeistagatik” eta “muga eta estatuen gaindiko proiektuaren aldeko apustuagatik” lortu dutela esan zuen.
Galeusca jaio baino ez dela egin azpimarratu zuen, eta jada “aliantza estrategikoa” da bere ustez, “hiru nazioen onarpen juridiko-politikorako”.
Abstentzioa hain handia izatearen arrazoiak bi dira Euzkadi Buru Batzarraren ustez: Europar Batasunaren “urruntasuna”, eta hauteskunde hauek “[Espainiako] orokorren bigarren buelta bihurtzeko PPren eta PSOEren estrategia. Europako Batasunaren garrantzia ez dela azpimarratu iritzi dio.
PSOE
Patxi Lopez: “EAJren alternatiba gara”
PSE-EEko idazkari nagusi Patxi Lopezek zoriondu egin zituen alderdikideak, eta pozik zen EAEn bigarren indarra izaki “EAJren alternatiba” direlako. Atzo gauean eman zuen prentsaurrekoan ia 10 puntu gehiago lortu zituztela azpimarratu zuen. Igoera hori “izaera politiko propioa” dutelako gertatu dela dio, “Euskal Herriarentzat eginikoezkerreko proiektu batekin”.
Lopezen iritzian hautesleek “borroka garai batetik elkarrizketa gidari den beste garai batera pasatu garela” ulertu dute. EAJren alternatiba direla azpimarratu du, eta “Euskadin beharrezkoa den” aldaketa emateko lanean hasiko direla, gaurtik.
Abstentzio handiaren arrazoia “hauteskunde ajea” da bere ustez, eta “huts egite politikoa” egin dela dio, ez dutelako jakin hauteskunde hauen garrantzia azaltzen.
Josep Borrell: “Europako hauteskundeetan PSOEk izan duen emaitzarik onena lortu dugu”
Martxoaren 14ko bozkariorik gabe, baina pozarren agertu ziren PSOEko buruzagiak atzo gauean Europako hauteskundetako emaitzen berri izan eta gero. Izan ere, botoen %43,30ekin sozialistek irabazi dituzte hauteskundeak Espainian, Ppri bi puntuko aldea aterata. Hain zuzen ere, PSOEk Europako hauteskundeetan inoiz izan dituen emaitzik onenak lortu dituela azpimarratu zuen Borrellek, eta, halaber, Martxoaren 14ko emaitza portzentualak hobetu dituztela. Nolanahi ere, parte-hartze eskasarekin (%54,06koa izan da abstentzioa Espainian) “oso kezkatuta” daudela adierazi zuen.
HZ
Marije Fullaondo: “Gure emaitzek Zapateroren porrota adierazten dute”
Gustura agertu zen atzo gauen Marije Fullaondo, Espainiako Estatuan baliogabetuta egon arren, HZ Herritarren Zerrendak “oso emaitza onak” lortu zituela iritzi baitzion. “Ilegalizatu dtuzten zerrenden artean boto gehien jaso dituena izan da”, azaldu zuen, eta ia 119.000n ezarri zuen beren hautagaitzak Euskal Herri osoan jasotako boto kopurua. Ildo horretatik, HZren emaitzak Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente sozialistarentzat kolpea direla nabarmendu zuen: “Zapaterok porrot handia izan du Euskal Herrian. Emaitza hauen ondorioz, Espaniako Gobernuak jarrera aldatu beharko du”, adierazi zuen. Fullandoren aburuz, Hzri hainbeste boto emanez, euskal gizarteak argi utzi du ilegalizaziorik ez duela onartzen eta buelta eman nahi diola egungo egoerari. Hain zuzen ere, ilegalizazioa gainditzeko urratsa eman dela azpimarratu zuen.
PP
Carlos Iturgaitz: “PPk aurrerakada egin du bai Espainian, bai Euskal Herrian”
Iturgaitzen arabera, PPk lortutako emaitzak oso onak izan dira, eta, beraz, atzo gauean egin zuen lehendabiziko gauza Jaime Mayor Oreja zerrendaburua zoriontzea izan zen. “Oso emaitza onak lortu ditugu, PSOErekin lehia estuan ibili baikara. PPk aurrerakada egin du, bai Espainian, bai Euskal Herrian”, adierazi zuen. Ildo horretatik, PPk Europako Legebiltzarkidera alderdi abertzaleek baino parlamentario euskal herritar gehiago bidaliko dituela azpimarratu zuen Iturgaitzek.
EA (Herrien Europa)
Begoña Errazti: “Irujo Bruselan egongo da”
Herrien Europa hautagaitzaren baitan, ERC, CHA eta beste zenbait alderdirekin aurkeztu da EA Europako hauteskundeetara. Hain zuzen ere, alderdi horretako Mikel Irujo zen zerrenda horretako bigarrena, baina aulki bakarra lortu du Herrien Europak, Joan Bernat (ERC) zerrendaburuari dagokiona. Hala ere, Irujo Bruselan izango dela iragarri zuen atzo Begoña Errazti EAko presidenteak. Zein formula erabiliko duten ez zuen zehaztu, baina Irujoren presentzia bermatuta dagoela azpimarratu zuen. “Gainera, euskaraz dakien Europako legebiltzarkide bakarra izango da”, nabarmendu zuen. Bigarren aulkia ez erdiestea abstentzio handiaren ondorio izan zela esan zuen Erraztik, baina, hala ere, pozik agertu zen EAren emaitzekin: Nafarroan hirugarren indarra eta EAEn laugarrena dela azpimarratu zuen. Horrez gain, HZren ilegalizazioaren eraginez boto baliogabearen kopurua oso handia dela esan zuen, eta horrek adierazten duela Euskal Herrian badagoela zerbait konpontzeko. “PSOEri hori planteatu behar zaio”, agertu zuen.
EB-IU
Mikel Arana (EB-IU): “Europaren egungo ereduak zilegitasuna galdu du”
Lehenik eta behin bozetako partaidetza txikia nabarmendu zuen Aranak atzo gaueko lehen balorazioan. Gainera, parte-hartze eskas horrek egungo agintariek bultzatzen duten Europaren ereduaren porrota adierazten duela iritzi dion. EB-IUk izandako emaitzei dagokionez, berriz, ez dutela “desilusiorik” izan esan zuen Aranak. “Parte-hartze txikiak kalte egin digu, bipolamismoak ere bai, baina EBk bere proiektuaren babesari eutsi dio, 1999ko Europako hauteskundeetako emaitzen parekoak lortu baititu”.
Gaspar Llamazares: “Porrot politikoa jasan dugu”
IUko idazkari orokor Gaspar Llamazaresek onartu egin zuen alderdiaren “porrot politikoa”. Ez zutela beraien hauteslegoa mobilizatzen jakin uste dute, eta Llamazaresek aurreratu zuenez, estabaida sakon bat egingo dute, egoera ahularen aurrean. Mugarik gabeko elkarrizketa egingo dute, alderdiaren estrategia, antolaketa modua eta zuzendaritzaren inguruan.
Abstentzio handiari erreferentzia eginez, “EBk duen legitimitatearen aurrean, Europako Konstituzioa onatzea proposatzea “zaila” dela iritzi dio.
Aralar
Patxi Zabaleta: “Aralarri handi geratu zaizkio hauteskunde hauek
Aralarreko zerrendaburu eta koordinatzaile Patxi Zabaletaren ustez, “Nafarroak eta Euskal Herriak beren buruaren jabe hartu behar dute parte Europan, gero horrela tratatzea nahi badute behintzat”. Hauteskunde hauetan “ez dute horrela jokatzen jakin” ordea, Zabaletaren iritzian. Aralarri hauteskunde hauek handi geratu zaizkiola esan du, eta “abstentzioak eta bozen bipolarizazioak” eragin egin diela azpimarratu du.
HZren baliogabetzeak ere eragin diela iritzi dio Zabaletak, egoera “anormala” delako eta politika “desnatural” bihurtu delako. Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapatero dela horren arduraduna azpimarratu du.
Europako hauteskundeak
ERREAKZIOAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu