Eusko Jaurlaritza
"HERRITARREN BAKE ETA ELKARRIZKETA ESPERANTZAK ZAPUZTEN DITU ETA-K"
Eusko Jaurlaritzak gogor gaitzetsi ditu gaur eguerdian ETAk Galizian egin dituen atentatu biak, eta erakunde armatuak "herritarren bake eta elkarrizkta esperantzak" zapuzten dituela iritzio dio. "Berriro ere herritarren gehiengo zabalak eskatzen duen elkabizitza baketsua apurtu dute", dioJaurlaritzak zabaldutako prentsa oharrak. "Herritarren bake eta elkarrizketa esperantzak mila zatitan apurtzen tematuta dago ETA", erantsi du. Halaber, Gasteizko Gobernuak elkartasuna eta babesa adierazi die erasoetan zauritu direnei eta haien hurbilekoei.
EA
"HORRELAKO EKINTZEK EUSKAL HERRIAREN ERAIKUNTZA NAZIONALA ZEIN SOZIALA OZTOPATZEN DUTE"
Galiziako atentatuak gaitzesteaz eta kaltetuei elkartasuna adierazteaz gain, "indarkeria estrategia berehala eta behin betiko" bertan behera uzteko eskatu dio EAk ETAri. Izan ere, alderdi horrek uste du ekintza armatuek Euskal Herriaren eraikuntza moteldu ez ezik, eragotzi egiten dutela. "Sufrimendua eta hondamena baino ez dute eragiten. Era berean, Euskal herriaren eraikuntza nazionala eta soziala ez laguntzeaz gain, oztopatu egiten dute", adierazi du EAk pentsa ohar baten bidez.
Espaniako Gobernua
"TXANTAJEAREN AURREAN EZ DUGU AMORE EMANGO
Espainiako gizarteari lasaitasuna eta segurtasun indarrengan konfiantza izatea eskatu die Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak, eta beren lehentasuna "Espainiako Konstituzioaren araberako elkarbizitza baketsua eta zuzenbide estatuta arriskutan jartzen duten pertsonak" atxilotzea eta epailearen esku jartzea dela azpimarratu du. Era berean, "beren helburuak heriotzen eta izuaren bidez inposatu" nahi dutenen txantajearen aurrean ez duela amore emango gaineratu du.
PSOE
ITUN ANTITERRORISTA INDARTUKO DUTELA BERRETSI DUTE SOZIALISTEK
ETAren abuztuko atentatuek ez dutela bere jarrera aldatuko adierazi du gaur PSOEko zuzendaritzak; aitzitik, PPrekin hitzartu zuen Itun Antiterrorista indartzeko borondatea berretsi du. "Indarkeriaren bidez inoiz ez dutela helburu politikorik lortuko ohartarazi nahi diogu ETAri", erantsi du sozialisten Batzorde Exekutibo Federalak idatzi baten bidez. Halaber, elkartasuna adierazi die Baiona eta Sanxenxoko herritarrei, eta Espainiako Segurtasun Indarrak zoriondu ditu herritarrak babesteko lanean "bizkor eta eraginkor" aritu direlako.
PP
"ETA-REN EGOERA GERO ETA ZAILAGOA DA"
Atentatuak eginagatik ETAren egoera gero eta "zailagoa" dela iritzi dio Mariano Raxoi PPko idazkari nagusiak, baina, zehaztu du, horrek ez duela esan nahi atentatuak egiteko gaitasunik ez duenik. Horrez gain, ETAren kontrako borrokan Espainiako Gobernu sozialistari edozertan laguntzeko prest dagoela PP azpimarratu du Raxoik, eta horixe dela orain egin beharrekoa: hots, Gobernuari lagundu eta ETAri arbuioa adierazi.
IU
"ATENTATUOK ETA-REN AHULTASUNAREN ADIERAZPENA DIRA"
ETAk azken egunotan Kantabrian, Asturiasen eta Galizian egindako atentatuak erakunde armatuaren ahultasunaren adierazgarri dira Gapar Llamazares IUko koordinatzaile nagusiaren iduriko. Hain justu, Llamazaresek uste du ETAk atentatuak egiteko lekua aldatu duela segurtasun indarren presentzia handiagoa den, baina, halaber, nazioartean oihartzun handiagoa izango luketen inguru turistikoetan erasotzeko gai ez delako, "Levanten, kasu". Hala ere, ahul egonagatik ETA "min egiteko" gai dela argi geratu da Llamazaresen ustez. Horregatik, "indar demokratikoak" ETAren aurka batzearen aldeko apostua egin du IUko buruzagiak, eta horretarako Itun Antiterroristaren "esklusibotasuna" gainditu behar dela iritzi dio.
Atentatuak Galizian
Erreakzioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu