Katalunia estatu independente izateari buruzko erreferendumari babesa adierazteko eta Diada ospatzeko, ehunka lagun elkartu dira eguerdian Bilboko Arriaga plazan, Donostiako Bulebarrean eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, Kataluniarekin Koordinazioguneak eta ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak Euskal Herrian duen ordezkaritzak deituta.
Urriaren 1ean erreferenduma egingo dela ziurtzat daukate antolatzaileek: "Kataluniak bere etorkizuna erabakiko du: ea izan nahi duen estatu independente bat errepublika gisa ala autonomia mugatu bat politikoki eta ekonomikoki porrot egin duen estatu sasidemokratiko baten barruan".
Hori horrela, uste dute herritarrei iritsi zaiela «hautetsontzi bidez erantzun demokratiko, zibiko eta transbertsala» emateko unea: "Eskura dugu estatu moderno, demokratiko eta librea izateko aukera. Herriaren esku dagoen erabaki bat da; ez dago inolako epaitegi edo ministro kontseiluren esku".
Azken egunetan, beste herri batzuetan ere elkarretaratzeak egin dituzte, Kataluniako erreferendumaren alde.