Errenteriako Udaleko (Gipuzkoa) Bozeramaileen Batzordeak Iñaki de Juana euskal presoaren aldeko mozioa onartu du gaur, eta "legez dagozkion eskubideak errespetatuak izan daitezela" eskatu du. "Legearen gehiegizko erabilerak De Juana aske uztea eragozten du", Bozeramaileen Batzordearen ustez. Mozioa Etxerat elkarteak butzatu du eta, udaletxean ordezkaritza ofiziala dutenen artean, PSE-EE, EAJ, EA eta EB-Berdeak azaldu dira alde eta PP kontra.
Era berean, gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak askatzea eskatu dute, baita zigorraren hiru laurdenak beteak dituztenak ere. "Seguru gaude pertsonen eskubide denak errespetatzetik etorriko direla konponbideak eta, horretarako, prozesuan inplikatuta daudenei eskatzen diegu har dezatela konpromiso sendoa eskubide horiei buruz".
Eurek egindako idatzi batean, berriz, ETAk abenduaren 30ean egindako atentatua "gogor gaitzetsi" dute PSE-EE, EAJ, EA eta EB-Berdeek, orduan hildako bi ekuadortarren senideei elkartasuna adierazi diete, eta ETAri "indarkeria behin betiko uztea" exijitu diote. "Elkarrizketa demokratikoaren bidez, alderdien batasuna behar da terrorismoari kontra egiteko eta eskubideak defenditzeko".
Errenteriako Udalak De Juanaren eskubideak "errespetatzea" eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu