Frantziako eta Espainiako poliziek asteazkenean egin zuten sarekada handia hizpide izan dute Euskadi Irratiko politikarien solas tarteko mintzakideek, hau da, EAJko Markel Olanok, PSE-EEko Ramon Etxezarretak, ezker abertzaleko Pernando Barrenak, EAko Sabin Intxaurragak eta EB-IUko Mikel Aranak. Guztiek esan dute atxiloketa kopuru handia —34 dira guztira— deigarria egin zaiela, eta nolabaiteko errezeloa sortzen diela. Sabin Intxaurragaren aburuz, kontrakorik frogatu ezean, errugabetasun printzipioa aplikatu behar zaie atxilotu gutiei. Halaber, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak eta Frantziako Laurence Le Vertek gidatutako operazioak "eragin mediatiko hutsa" edo bestelakorik izango duen oraindik ikuskizun dagoela azaldu du.
EB-IUko Mikel Aranari deigarria egin zaio sarekada horren inguruan "atxiloketa prebentiboaren" kontzeptua sortu izana. Axiloketa prebentiboaren kontzeptu horrek "kode penalaren printzipio guztiak" urratzen dituela azpimarratu du Aranak. Halaber, Garzonen instrukzioak sarritan ez direla oso egokiak izan ohartarazi du EB-IUko kideak, eta hori eta atxioketa kopuru handia aintzat hartuta, sarekadak "gehiegikeria itxura" daukala adierazi du.
PSE-EEko Ramon Etxezarretaren iduriko, 34 lagun operazio bakar batean atxilotzeak bi azalpen izan ditzake: edo ETA oso ahul dagoela eta jendea erraz erortzen dela, edo, bestela, atxilotu behar ezeko asko atzeman dituztela.
Pernando Barrena ezker abertzaleko buruaren aburuz, operazio handi horrek bi esangura nabarmen ditu: batetik, polizia operazioak unean-unean lor daitekeen etekin politikoarne arabera dosifikatzen dituztela. Izan ere, ustez Ibon Fernadez Iradiri atzemandako paperetan oinarritutako hirugarren operazioa dela oroitarazi du. "Ustez norbaiti atemadnako paper batzuen harira egiten den hirugarren operazioa da. Ondorioz, eta Garzonen egite politika aintzat hartutak, horrek esan nahi du operazioak dosifikatu egiten dituztela etekin politikoak ateratzeko".
Bestetik, Euskal Herriaren marko politikoari buruzko eztabaida nagusitu den unean egin dela operazio hori azpimarratu du Barrenak, eta, neurri handi batean, helburua eztabaida hori zapuztea dela.
EAJko Markel Olanok, ostera, miaketetan ez dute batere armarik atzeman nabarmendu du. Datu hori eta Garzon epailearen xedeetako bat hedabideetan oihartzuna lortzea izaten dela aintzat hartuta, sarekadak errezeloa sortu diola aitortu du.
Polizia operazioa
Errezeloa polizia operazioaren inguruan
Asteazkeneko sarekada handiaren inguruko kezkak azaldu dituzte Euskadi Irratiko politikarien solasaldiko partehartzaileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu