Euskal Herriko zenbait lekutan istilutsua gertatzen ari da hauteskundeetako eguna. Askatasunak jakinarazi duenez, Ertzaintzak elkarretaratze batean parte hartzen ari ziren 9 lagun atxilotu ditu Plentzian (Bizkaia), "agintariei desobeditzea" leporatuta. Iturri berak agertu du Azpeitian (Gipuzkoa) "kolpeka" sakabanatu duela Ertzaintzak beste elkarretaratze bat. Gasteizen, berriz, gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak bozkaleku baten atarian paskinak zabaltzeagatik.
Nafarroan 32 lagunen kontrako salaketa jarri dute Guardia Zibilak, Espainiako Poliziak eta foruzainek, "hauteskunde delitua egotzita". Zangozan, esate baterako, bozkaleku bat zaintzen zeuden guardia zibilei mehatxu egiteagatik jarri dute bi lagunen kontrako salaketa, Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak jakinarazi duenez. Iruñean, berriz, 17 lagunen kontrako salaketa jarri du Espainiako Poliziak abstentziorako deia egiten zuten paskinak banatzeagatik.
Horrez gain, bozkalekuei eraso diete zenbait lekutan. Espainiako Barne Ministerioak agertu duenez, Aulestin (Bizkaia), jende talde bat sartu da bozkalekura, eta hautestontziak eta bozketak egin ahal izateko behar den beste materiala hautsi dute.
Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak agertu duenez, herrialde horretako leku askotan gertatu dira antzeko erasoak. Elizondon, esaterako, Kultur Etxean zuten presatuta botoa emateko lekua, baina pixorra eta olioa jaurti dituztenez, Udaletxea atondu dute bozkaleku gisa. Altsasun Burunda pilotalekuko bozkalekuko hautestontzia hautsi dute eta boto paperak ebatsi, Arraiotzen eta Erratzun bezala. Arriben, berriz, boto papera hautatu ahal izateko kabina hondatu dute.
Orkoienen, Gazolatzen, Cascanten, Lizarran, Zizur Nagusian, Jauntsaratsen, Arbizun, Bakaikun, Uharten, Eritzebeitin eta Itzaltzun silikonarekin hondatuta agertu dira goizean zenbait bozkalekutako sarrailak.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak
Ertzaintzak 10 lagun atxilotu ditu, 32 salaketa Nafarroan, eta bozkalekuei eraso diete hainbat lekutan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu