Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko presidenteorde eta bozeramaileak gaur eguerdian esan du "beharrezko diren lege aldaketak" egingo dituztela "ANV legez kanpoko alderdiko kideek udaletan agindu ez dezaten".
Espainiako Gobernuaren Ministro Kontseiluaren bileraren ondoren egin ditu adierazpenak De la Vegak, komunikabideen aurrean.
Aldaketak egiteko PSOE Kongresuan "ahal den adostasunik zabalena" lortzen saiatuko dela adierazi du. "Fronte denetan ariko gara, legeak ematen dituen aukera denak jorratuz".
PPk Gobernuari eskatu dio ANVk alkatetzak dituen udalak desegin eta horietan hauteskundeak dei ditzala.
Estatuko Abokatuaren ondorioa
Espainiako Estatuko Abokatuak urriaren bukaeran egindako txostenean esan zuen, Espainiako Auzitegi Gorenak EAE-ANV alderdi politikoa legez kanpo utzi zuen arren -irailean-, ANVko udalak ezin direla desegin.
Hego Euskal Herrian 42 udaletan daude agintzen EAE-ANVtik aurkeztu eta hautetsi postua lortu zuten lagunak -haietako gehienek hautetsi independentistak izena hartu zuten gero-. Azpeitia da udal haietako bat. 2007ko ekainaren 16an lortu zuen Iñaki Errazkinek alkatetza.
Erregimen Lokaleko 61.2 Legeak Espainiako Ministroen Kontseiluari udalak desegiteko ahalmena ematen dio, "udal horiek modu larrian eta jarraikortasunez terrorismoa babesten, goresten edo justifikatzen badute akordioen edo jardueren bidez". Joaquin de Fuentes Bardaji Estatuko Abokatuak urriko txostenean esan zuen ANV legez kanporatzeko epaiak udal mailan bi kasu baizik ez dituela aipatzen: presoen eta iheslarien alde Elorrioko eta Hernaniko udalek batzordeak sortu izana, eta Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak Igor Portu eta Mattin Sarasola presoen alde txaloa eskatu izana -2006ko abenduaren 30ean Barajas Madrilgo aireportuan ETAk egindako atentatuan parte hartu izana egozten diete bi horiei-.
De Fuentes Bardajik ondorioztatu zuen bi kasu soilik egoteak ez duela justifikatzen udalak desegitea, "terrorismoaren aldeko babesak larria eta jarraikortasunezkoa izan behar duelako horretarako".
Horretaz gain, Estatuko Abokatuaren ustez udalak desegitearen ondorioak ez lirateke "onuragarriak" izango.
Neurri hori hartuko balitz, ez lirateke berriro hauteskundeak deitu herri horietan. Kasuan-kasuan, Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernua egingo lirateke haien eguneroko kudeaketaren kargu, 2011n berriz ere udal bozak egin arte.
Espainiako Gobernuak ez dizkio Azpeitiko Udalari diru laguntzak kenduko
Inazio Uriaren hilketa dela-eta PPk Espainiako Gobernuari eskatu dio EAE-ANV alkatetzan dagoen udalei mozteko diru laguntzak. Ezezkoa eman dio Gobernuak gaur, Elena Salgado Administrazio Publikoetako ministroak esan duenez. Izan ere, haren arabera, "azpeitiarrek besteek bezala laguntza horien onuradun izateko eskubidea dute. Azpeitiko herritarrek ezin dute [Uriaren hilketa salatu ez duela-eta] alkatearen jarreraren kaltetu izan". TVEn egin ditu adierazpenok Salgadok.
"Lortu beharko genukeena da ANVkoak ez daitezela izan laguntza hauek kudeatzen dituztenak", esan du ministroak. Dena dela, aitortu "oinarri legalik" ez dutela horretarako. "Baina bila segituko dugu. Oraingoz, diru laguntza horien kontrola egingo dugu, legezko erabilpena izan dezaten".
Espainiako Gobernuak lege aldaketak egingo ditu ANVk ez gobernatzeko udaletan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu