Erakunde armatuak aurrerantzean egin dezakeen gauza bakarra indarkeria bertan behera uztea dela esan du Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko presidenteordeak. PSOEk eta PPk hitzartu zuten Itun Antiterrorista egun ez dela baliagarria azpimarratu du.
ETAk bestelakorik esan arren, atzo plazaratu zuen agiriak su-etenaren haustura argi uzten duela iritzi dio gaur De la Vega Espainiako presidenteordeak. "Su-etena argi eta garbi hautsi egin dutela onartzen du", azpimarratu du. Era berean, Espainiako Gobernuak ezarri dizkien mugak "legea eta Konstituzioa" direla onartzen du ETAk De la Vegaren iduriko.
ETAren su-etena hautsitzat emanda, etorkizunera begira beste estrategia politiko bat zehaztu behar dela erantsi du, baina baztertu egin du PSOE eta PPren arteko Itun Antiterroristara itzultzea. Hitzarmen hura iraganeko tresna dela iritzi dio. "Baditu elementu batzuk baliagarri direnak baina beste batzuk ez, denbora igaro baita. Gauza batzuk oso ondo funtzionatu dute, baina egungo sasoia ez da 2000koa", esan du. "Ez dut ulertzen papertxo bati itsatsita egoteko grina hori".
EAJ: "ETAren su-eten iraunkorra dagoeneko ez da nahikoa, behin betikoa behar da"
Iñigo Urkullu EAJren EBBren bozeramaileak iritzi dio ETAren su-eten iraunkorra "dagoeneko nahikoa ez" dela; "behin betikoa behar da, prozesu berri baten oinarriak jartzeko". Espainiako Radio Nacionalen emandako elkarrizketan esan du ETAren agiria "iruzurra" dela eta, Barajasko atentatuaren ondoren, egoera "Anoetako adierazpenaren aurretik baino okerragoa" dela.
Espainiako Gobernuaren ustez su-etenaren haustura berretsi du ETAren agiriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu