Polizia operazioa

Espainiako Poliziak atxilotutakoek Marlaskaren aurrean deklaratzen jarraituko dute

2006ko ekainaren 23a
16:58
Entzun
Ramon Sagarzazu, Iñaki Aristizabal, Joseba Elosua eta Karmelo Lukin dira gaur Madrilen deklaratu behar dutenak. Fiskaltzako iturriek Efe albiste agentziaren bidez aurreratu dutenez, lauen aurka espetxeratzea eskatzeko asmoa dauka, atzo Harokarenekin egin bezala.

Jean Pierre Harokarene kazetari irundarra kartzelan sartzeko agindu zuen atzo Grande Marslakak, fiskalak eskatu bezala, eta, gainera, inkomunikatuta. Beste lauei deklarazioa hartu ostean inkomunikazioa kentzea litekeena dela dio Efe agentziak.

Lapurdin zazpi lagun atxilotu zituzten operazio berean, eta atzo arte Baionako polizia etxean eduki zituzten. Atzo Parisera eraman zituzten zazpietatik sei —Julen Madariaga, Jose Ramon Cau, Cristina Larrañaga, Eloi Uriarte, Anjel Iturbe Abasolo eta Jose Ramon Badiola—. Zazpigarrena, Izaskun Gantxegi aske utzi zuten epailearen aurrean deklaratu gabe. Eloi Uriarteren emaztea da Gantxegi.

Hamabi lagun horiei "ETAren finantzaketa sarearekin" harremana izatea egotzi zieten atxilotu zituztenean; iraultza zergaren kobraketan, eta bide horretatik jasotako diruaren zuriketan aritzea. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Grande Marlaska epaileak eta Parisko Laurence Le Vertek gidatu dute operazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.