Hamabiak inguruan eraman dituzte Urtza Alkorta eta Zunbeltz Bedialauneta ondarrutarrak Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearengana, deklaratzera, eta geroago espetxera bidali ditu epaileak. Ostegunean Ertzaintzak atxilotu zituenetik inkomunikatuta eduki dituzte eta, AAMren arabera, inkomunikatuta deklaratu dute, konfiantzazko abokaturik gabe. Deklarazioa hartu ostean biak baldintza gabe espetxeratzeko agindu du Eloy Velasco epaileak, 13:30ak aldera. Lea-Artibaiko 11Barri webgunean eman du horren berri.
16:30ak aldera jakin da inkomunikazio egoera altxatu diela epaileak Alkorta eta Bedialaunetari, baita asteartean atzeman eta larunbatean preso sartu zituzten beste bostei ere: Ibon Iparragirre, Asier Badiola, Jon Iñaki Esnaola, Xeber Uribe eta Xabier Zubizarretari -Soto del Realgo espetxean daude (Madril)-. Abokatua saiatu gehiago jakiten baina, oraingoz, ez du lortu.
Abokatuak eta senideak ezin izan dira eurekin egon atxilotuta eman dituzten bost egunetan, ezta azken bostak espetxean emandako bi egunetan ere - gehienez hamar egun eduki ditzakete inkomunikatuta-. AAMk jakitera eman duenez, Ertzaintzaren eskuetan zela atxilotuetako bat ospitalera eraman behar izan zuten, bi aldiz. Epailearen aurrean kolpeak eta tratu txarrak salatu zituen.
ETAren talde bat osatu izana egozten diete.
Elkartasuna eta kezka
Torturak saihesteko neurriak hartzeko eskatu zioten abokatuek epaileari joan den astean, baina hark uko egin zion protokoloa aplikatzeari. Hori dela eta, AAMk kezka agertu du atxilotuek jaso dezaketen tratuaren inguruan.
Kezka horren lekuko izan ziren Ondarroako kaleak igandean. Atxilotuak askatu lelopean, ehunka lagun bildu ziren atxilotuei eta haien senide eta lagunei elkartasuna erakusteko. Prentsaurreko batean Ondarroako ezker abertzaleak salatu zuen "oso ondo diseinatutako polizia operazioa" izan dela. Horren harira, gogor kritikatu du azken egunetan komunikabideek izan duten jarrera eta alderdi politikoek operazioaz egin duten erabilera: "EAJ eta PSOE tirabiran ibili dira, polizia operazio honetan bere zatitxoa eskatuz".
Halaber, aste osoan "atxilotuenganako edozein elkartasun keinu saihesteko" Ertzaintzak erakutsitako jarrera "oldarkorra" salatu dute. "Ez dute lortu. Herritarrek erantzun dute. Atxilotuen etxeetara hurbildu gara eta jendea kalera atera da".
Espetxera bidali dituzte Urtza Alkorta eta Zunbeltz Bedialauneta ere, eta gaur altxatu diete zazpiei inkomunikazio egoera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu