Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez du tramiterako onartu Eusko Jaurlaritzak Alderdien Legea dela-eta aurkeztutako auzi eskea, eta ondorioz ez du gaia aztertu ere egingo. Atzo berri agentziek zabaldu zutenez, Estrasburgoko Auzitegiak dio Eusko Jaurlaritza «gobernu organu» bat dela eta Giza Eskubideen Babeserako Itunaren 34. artikuluak ez diela eskubiderik ematen gobernu organuei Estrasburgon auzi eskea aurkezteko; «banakoek, gobernuz kanpoko erakundeek edo herritar talde batek» baino ezin dute auzi eskea aurkeztu, «beren eskubideak urratuta ikusten dituztenean». .
Eusko Jaurlaritzak iragan irailaren 10ean aurkeztu zuen auzi eskea, Espainiako Gobernuak onartutako Alderdien Legeak eta lege hori ontzat jo zuen Auzitegi Konstituzionalaren epaiak Europako Giza Eskubideen Ituna urratzen dutela argudiatuta. Jaurlaritzaren arabera, Alderdien Legeak eta Konstituzionalaren ebazpenak Giza Eskubideen Ituneko 6, 7 eta 11. artikuluak urratzen dituzte; eta, ondorioz, Estrasburgoko Auzitegiari eskatu zion Espainiari zigorra ezartzeko eta beharrezko neurriak hartzera behartzeko. Bai Alderdien Legea eta Konstituzionalaren ebazpena, eta baita horietan oinarritutako ekintza guztiak ere bertan behera geratzea zen Jaurlaritzaren xedea. Jaurlaritzak hainbat argudio ematen zituen aurkeztutako auzi eskean; baina Estrasburgoko Auzitegiak aztertu ere ez ditu egingo, auzi eskea tramiterako ere ez baitu onartu. Eusko Jaurlaritza bera ere jakitun zen «zailtasunak» izango zirela auzi eskea tramiterako onartzeko, eta hala adierazten zuen aurkeztutako testuan bertan ere, ituneko 34. artikulua aipatuta. «Hala ere, uste dugu kasu honek nahikoa berezitasun badituela irizpide hori ez erabiltzeko. Gure auzi eskearen atzean gatazka instituzionalik edo eskumenekin lotutakorik ez dagoela uste dugulako», zioen testuak. Eskaera hori ez du aintzat hartu Estrasburgoko Auzitegiak, eta aho batez hartu du Jaurlaritzaren auzi eskea atzera botatzeko erabakia. Jose Maria Michavila Espainiako Justizia ministroa izan zen albistea ematen lehena. Berak esan zuenez, atzo ezagutu zuten berria, Estrasburgoko Auzitegiaren eskutik. Gertatutakoa «espainiar demokraziaren garaipena eta terrorismoaren kontrako pausoa» izan dela esan zuen Michavilak: «Hau espainiarrentzako berri on bat da, eta berri txarra Eusko Jaurlaritzarentzako, espainiar guztien diruarekin Batasuna finantzatu nahi baitzuen Jaurlaritzak».
Batasunaren ilegalizazioa
Estrasburgok ez du tramiterako onartu Jaurlaritzaren auzi eskea
Epaiak dio Jaurlaritza «gobernu erakunde» bat dela eta, beraz, ezin duela auzi eskerik aurkeztu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu