Zer gertatuko da Fagorrekin?
Ustekabe handirik ez badago, hartzekodunen lehiaketara joko du etxetresnen egileak. Donostiako Merkataritza alorreko epaitegiak administratzaile bat edo talde bat hautatuko du, eta haren esku geratuko da enpresaren geroa erabakitzea. Lehentasuna, kasu honetan, hartzekodunei ordaintzea da, hau da, zorrak pagatzea. Enplegua bigarren mailako kontu bat da konkurtso batean. Administratzaileak enpresaren egoera aztertuko du eta horren arabera erabakiko du zer saldu behar den edo zer likidatu behar den.
Zer gertatuko da kooperatibisten diruarekin?
Zorrak kitatzean lehentasuna dute hornitzaileek, bankuek eta erakunde publikoek. Zerrenda horretan azkena kooperatibistek jarritako dirua dago, kapital soziala (62,3 milioi), eta ia ziurtzat jo daiteke galduko dutela. Kooperatibistek eta kooperatibista ohiek azken urteotan beren borondatez jarri dituzten beste 69,2 milioi ere galtzeko arriskua handia da, kapital sozialak baino lehentasun pixka bat gehiago izan arren. Ekarpen horiek itzultzeari utzi zion Fagorrek iaz. Kooperatibistek beren ondasun partikularrak galtzeko arriskurik ez daukatela ziurtatu du kooperatibak.
Eta ekarpenekin?
Azkenaurreko daude lehentasunen zerrendan, kapital sozialaren aurretik. 2004 eta 2006 artean 185 milioiren ekarpenak saldu zituen Fagorrek.