Rodolfo Ares PSEko koordinazio idazkariak "inteligentziaz eta Estatu ikuspegiarekin" jokatzeko eskatu dio Mariano Rajoy Espainiako presidenteari. Azken egunetan gertatutakoak zentzurik ez duela esan du Aresek, eta Espainiako Gobernuari bere politika aldatzeko galdegin dio, "ETAren amaieraren arrakasta EH Bilduren munduari ez oparitzeko". "Gobernuak barneratu behar du ezin duela politika bera egin, ETAk jardun armaturik ez duen garaian eta presoek legearen bidea hartu dutenean". Eusko Jaurlaritzarentzat ere izan du eskaera bat Aresek, "zorrotz eta neurriz" jokatzeko.