Euskal presoen egoera egunetik egunera okertzen ari dela salatu du Etxerat elkarteak. Hilero kaleratzen duen txostenean ohartarazi du, "tenkatze nabaria" gertatzen ari dela espetxeko egunerokotasunean.
Espetxeetan ez ezik, espetxeetatik kanpo ere egoera okerrera doala salatu du euskal preso eta iheslarien senide eta lagunen elkarteak. Gogor salatu du iheslariek ekainaren 15ean Miarritzen egin zuten ekitaldiaren ondoren Espainiako eta Frantziako poliziek elkarlanean Jokin Aranalde, Beñat Atorrasasti eta Aitor Zubillaga Zurutuza iheslariak atxilotu izana. "Espetxetik kanpoko jazarpenak eta eskubide urraketak ez du etenik", salatu dute.
Egoerarekin kezkatuta daudela jakinarazi dute, eta Euskal Herrian ireki den "aro berrian" halako atxiloketa eta "jazarpena" egotea ez dutela ulertzen.