Etxerat-en arabera, Mexikon preso dagoen Luis Miguel Ipiña iheslaria aske gera liteke

2012ko irailaren 6a
17:48
Entzun

 

Etxerat-ek ohar bidez jakinarazi du Mexikoko Auzitegi batek legez kanpokotzat jo duela Luis Miguel Ipiña euskal iheslari donostiarraren atxiloketa egunean poliziak burutu zuen miaketa. 

Ipiñaren aurka ikerketa penal bat dago martxan Mexikon, ustez, bere etxean zegoen arma bat dela-eta. Mexikoko Kode Penalean arautua dago armadak soilik izan dezakeela suzko arma bat.

Mexikoko Auzitegi penal batek, ordea, miaketaren aurka Leonel Rivero abokatuak jarri zuen helegitea ontzat eman du, eta legez kanpokotzat jo du bertan eginiko miaketa. Horrela, Ipiñaren aurka dagoen froga bakarra —arma bere etxean topatu izana— baliorik gabe geratu da. Fiskaltzak irailak 13 arteko epea du erabaki hau helegiteko. Auzitegiaren erabakia berresten bada, auzia bertan behera geratuko litzateke, eta Ipiña aske. Iheslari donostiarrak, behin eta berriz, ukatu egin du arma berea zenik. 

Ipiña Mexikoko espetxe batean dago preso, baldintza oso gogorretan. "Osasun zerbitzu eskasarekin, zeharo masifikatua dagoen kartzela batean dute Ipiña", azaldu du Etxerat-ek. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.