Europak jarritako ildo orokorrak

2014ko urtarrilaren 31
20:14
Entzun

Laguntzen banaketa "justuagoa": Eskubide historikoetan oinarritutako sistema progresiboki desagertuko da. 2019rako, nekazari bakoitzak gutxienez bere estatuko edo eskualdeko batez besteko laguntzaren %60 adinako laguntzak jasoko ditu; hau da, batez besteko laguntzaren eta edozein nekazarik jasotzen duenaren artean, gehienez ere %40ren aldea egongo da. Neurriak kalte egingo die gaur egun gehien kobratzen dutenei. Hori saihesteko, Europako Legebiltzarrak esan du esplotazioek gehienez ere laguntzen %30 galdu behar luketela NPBren lehen urtean, 2015ean, jasotzen zutenarekin alderatuta.

Nekazari aktiboak:  Ordainketa zuzenek "nekazari aktiboentzat" izan behar dute. Estatu bakoitzak zerrenda bat egin behar du, lurrak izan arren laguntzak jaso ezin dituzten erakundeekin: aireportuak, kirol elkarteak, garraio eta eraikuntza enpresak eta beste sartzen dira multzo horretan.

‘Greening’-a:  Ordainketa zuzenari dagokion kopuruaren %30, gutxienez, ingurumenarentzat mesedegarri diren praktiketara bideratu beharko dute estatuek. Hiru praktika zehaztu ditu: soro landuen errotazioa, larre iraunkorren mantentzea eta nekazaritza eremuaren gutxienez %5etan "interes ekologikoko guneak" sortzea. Baldintza horietan, ordea, malgutasuna ere izango da. Esaterako, 10 hektareaz azpiko esplotazioek ez dute soro landuak errotatu beharrik izango.

Laguntzen sabaia: 150.000 eurotik gorako laguntzak jasotzen dituztenei, gutxienez, %5 murriztuko zaizkie laguntzak.

Nekazari gazteak eta txikiak:  Estatu bakoitzak dagokion kantitatearen %2 nekazari gazteei laguntzeko erabili beharko du. Horrez gain, erabaki behar du nekazari txikiei laguntzeko mekanismo bereziren bat jarri edo ez. Baietz erabakiz gero, 1.500 euro baino gutxiago jasotzen dutenak automatikoki erregimen horretara pasatuko dira.

Arriskuen kudeaketa:  Salmentak bat-batean erortzen diren kasuetarako erreminta bat jarri behar da.

Azukrea:  Hasierako asmoa zen kuotak 2015ean desagertzea, baina 2017ra arte iraungo dute.

Ardoa:  Mahastien landatze eskubideak 20130era arte mantenduko dira. 2016an, egungo sistema ordezkatu eta baimen sistema bat jarriko da martxan. Estatuek landatutako azalera guztiaren %1 baimen sistema berriaren esku utzi beharko dute.

Esnea:  2015ean desagertu egingo dira kuotak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.