Euskal Herriak Askatasuna behar du!
"33/01, amnistiaren aldeko mugimenduaren aurkako auziaren aurrean adierazi nahi dugu:
- Dispertsioa salatzea ez da delitua. Preso politikoen kolektiboaren kontra hamarkadatan ezarri den eta ezartzen den dispertsio eta muturreko neurriek osatzen duten salbuespen egoera da delitua.
- Tortura salatzea ez da delitua. Torturatzea eta tortura ahalbidetzen duen tresneria hori guztia da delitua; salbuespeneko tribunalak, inkomunikazio legea eta funtsean torturatzeko eraikia den inpunitate esparrua bera da delitua.
- Errepresioa salatzea eta pertsonen eskubideak babestea ez da delitua. Estatuen biolentzia eta eskubide urraketa dira delituak.
- Elkartasuna ez da delitua. Presoak eta euskal herrian errepresioa jasaten duten milaka emakume eta gizon babes eta elkartasunik gabe uzteko mugimenduen kontrako kriminalizazio eta erasoak dira delitua.
- Preso, iheslari eta beren senitartekoak lagundu eta babestea ez da delitua. Kolektibo hauek hondoratzeko eta zatitzeko helburuarekin burutzen diren jazarpen, eraso eta eskubide urraketa horiek guztiak dira delitua.
- Auzipetu dutena eta epaitu nahi dutena Estatuen biolentzia eta errepresioaren salaketa eta euskal preso nahiz errepresaliatu guztiekiko elkartasuna da. Frantziako eta Espainiako estatuak euskal gizartearen eta munduaren aurrean biluzten dituen eta beren izaera ez demokratikoa begi bistako egiten duen testigu nagusia erditik kendu nahi dutelako. Amnistiaren aldeko mugimenduak esparru bat eskaini dio eta eskaintzen dio herri honi, errepresioa salatu eta elkartasuna antolatzeko. Espazio bat, zeinetan gu geu ere, milaka herritar eta sektore legez partaide garen.
- Madrilgo auzitegi nazionalean Amnistiaren Aldeko Mugimendua epaitu nahi den honetan, gu geu ere epaituak sentitzen gara. Elkartasunerako eta errepresioaren salaketarako hamaika ekimenen partaide izan garelako eta aurrerantzean ere partaide izaten jarraitu nahi dugulako.
Honenbestez,
- Amnistiaren aldeko mugimenduak eskaintzen digun esparru horretan errepresioa salatu eta errepresaliatuekiko elkartasunean betidanik izan dugun konpromisoan berresten gara. Aurrerantzean ere gure ekarpena egiten jarraituko dugula adierazten dugu.
- Epaitua izaten ari den amnistiaren aldeko mugimenduari eta 27 auziperatuei gure elkartasun eta babes osoa eskaini nahi diegu, Euskal Herrian beharrezkoa ulertzen dugun lan horretan jarraitzeko.
- Amnistia aldarrikatzen dugu. Epaiketa hau bezala, Euskal Herrian jasaten den eskubide urraketa eta salbuespen egoera ahalbidetzen duen errepresio estrategiaren amaiera aldarrikatzen dugu bi estatuen aurrean eta horretarako eraikiak dituzten salbuespen tribunal, lege nahiz aparatuen desagerpena beharrezkoa ulertzen dugu. Preso politikoen errekonozimendua eta bere eskubide guztiak aldarrikatzen ditugu. Euskal Herriarentzat amnistia aldarrikatzen dugu. Presoen askatasuna eta iheslarien itzulera aldarrikatzen dugu, Euskal Herriak askatasunez erabaki eta bizi ahal izateko dituen arrazoi eta trabak gaindituak izateko bidean ezinbestekoa baita amnistia".
'Euskal Herriak Askatasuna behar du!' manifestua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu