Euskal Herriko ordezkaritza politiko zabala Estrasburgon

2006ko urriaren 25a
17:21
Entzun
Euskal gatazakari buruz, Europako Legebiltzarrak egin duen eztabaida zuzenean jarraitu du Eusko Jaurlaritzak Estrasburgora bidalitako ordezkaritzak. Miren Azkarate bozeramaile eta Kultura sailburua, Esther Larrañaga Inguramen eta Lurralde Antolamendu sailburua eta Javier Madrazo Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburua izan dira gaur Jaurlaritzaren ordezkariak.

Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Legebiltzarreko ordezkariak ere sartu dira euskal gatazkari buruzko eztabaida zuzenean jarraitzera. Izaskun Bilbao Eusko Legebultzarreko presidentearekin batera PSEko Miguel Buen eta EBko Kontxi Bilbao joan dira. Nafarroako Legebiltzarretik, berriz, Aralarreko Patxi Zabaleta, EAko Maiorga Ramirez eta EBko Jose Miguel Nuin.

Europako Parlamentuko eztabaida bertatik bertara jarraitu ahal izan dute baita ere, Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak, Koldo Gorostiaga eurodiputatu ohiak, EHAKko Nekane Erauskinek, Aralarreko Ainhoa Beolak, Alec Reid Irlandako apaiz katolikoak, Martin Aranburu EAko buruzagitzako kideak,Jean Lissar Akitaniako Kontseilari Nagusiko kideak eta Eustakio Uranga eta Laura Gonzalez Txabarri ELAk Bazorde Eragileko kideek. Europako Parlamentuko Babes Talde edo friendshipak gonbidatuta izan dira hauek Europako Parlamentura.

Joseba Alvarez, Aizpea Abrisketa eta Xabi Larralde Batasuneko kideek, berriz, Europako Parlamentuko eraikinaren kanpoan itxaron dute. Bertan ikurrina erraldoi bat jarri dute eta ekitaldi politikorako agertoki bat ere prestatuta dago.

Estrasburgon dauden Euskal Herriko erakunde eta alderdi politiko gehienek uste dute gaurko eztabaidak konponbiderako prozesuari bultzada garrantzitsua emango diola.

Alderdi eta erakundeetako ordezkariak ez ezik, euskal herritar asko ere joan da Estrasburgora. Atzo autobus ugari abiatu ziren Euskal Herritik Estrasburgora. Biriatun baina, ordu eta erdiz eduki zituzten geldi eta atzerapenarekin iritsi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.