"Euskal zinemak harrera beroa" izan du Mexikon, Guadalajarako jaialdian

2011ko apirilaren 5a
15:25
Entzun

Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak azpimarratu du Guadalajarako Zinemaldian (Mexiko) "euskal zinemak harrera beroa" jaso duela. Martxoaren 25etik 31ra izan zen jaiadia, eta Euskal Herriko zinemari zuzendutako atal propio bat izan du lehen aldiz, Etxeparek eta Eusko Jaurlaritzaren AEBetako, Kanadako eta Mexikoko ordezkaritzek bultzatuta.

Goenagak esan du Mexikoko zinemaldian publikoak atal hari "erantzun ona" eman diola. Horrez gain, "zinema industrian elkarlana sustatzeko ospatutako foroaren garrantzia" ere aipatu du.

Guadalajarako Zinemaldian emandako "euskal" filmak ondorengoak izan dira: Jose Mari Goenagaren eta Jon Garañoren 80 egunean, Josu Martinezen eta Txaber Larreategiren Debekatuta dago oroitzea, Juan Miguel Gutierrezen La plaza de la música eta Mikel Ruedaren Izarren argia.

'Kimuak' izenarekin bilduta, berriz, zortzi film labur izan dira ikusgai: Alejandra Marquezen eta Oriana Alcaineren 5 recuerdos, Koldo Almandozen Ahate pasa, Telmo Esnalen Amona Putz!, Iban del Camporen Dirty Martini, Anartz Zuazuaren El nunca lo haría; David Gonzalezen Los que lloran solos, Nacho Vigalondoren Marisa eta Jorge Riveroren La presa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.