Noiz eta zergatik hasi zinen euskararen ikasten?
28 urte ditut, eta euskararen ikasten hasi nintzen orain dela sei urte. Lehen hiru urtean, astean bi aldiz eskolak hartu nituen, guztira sei orduko ikastaroa jarraituz.
Beraz, orain zein da zure maila?
Mintza-praktika sailean nauzu, eta maila honetan euskararen lantzen eta barneratzen dihardugu, hitz egiteari lehentasuna emanda. Euskara batuaz jabetzen ere hasten gara, honetatik zubererarako itzulpenak eginda. Beñat Espil gure irakasleak Berriatik hartzen ditu artikulu batzuk, eta horiek zubereraz ezartzen ditugu. Gramatika eta aditza ere lantzen ditugu.
Ikasturtetako eskolez gain, ikastaldi berezirik egin duzu?
Bai. Urtero ez, baina egin egin ditut ikastaldiak. Ikastaldiak ongi daude urtean zehar ikasitakoak barneratzeko, alde batetik, eta bestetik, euskaraz beti hitz eginez bizitzeko.
Zuen etxean zeinek zekien euskaraz mintzatzen?
Aitak ez daki euskaraz, amak bai, ordea, baina ez du erabiltzen. Aldiz, bai aitaren ganditik zein amaren aldetik, nire aitona-amonak euskaldunak ziren.
Euren artean euskaraz mintzatzen entzun izan dituzu?
Bai, amaren gurasoak batez ere.
Baina zuri eta zure anai-arrebei euskaraz mintzatzen ziren?
Ez, hori ez. Gainera, amaren aldetikako nire amona pozik izan zen ama sartu zelarik eskolan, frantsesa ikasi ahal izango zuelakoan. Hala zen garai haietan.
Zuberoako dantza-jauziak ikasi dituzu. Horrek zerbaitetan lagundu zaitu euskararen mundura hurbiltzen?
Bai. Sei urte nintuelarik hasi nintzen Zuberoako dantzak ikasten. Euskararen ikastera bultzatzeko lagungarria izan dela diot, nahiz eta, zenbait urteren buruan nuen euskalduna bilakatzearen barne gogoa sentitu.
Euskaldun berri batentzat zaila al da Zuberoan txikitatik euskaraz dakitenekin mintzatzea?
Oso zaila denik ez nuke esango. Hala ere, giroa ez da beti egokienetatik. «Ikasten duzuen hori ez da egiazko euskara» edo «euskara etxean ikasi behar da, ez gau eskola batean» eta antzekoak entzuten ditugu tarteka.
Zuberoako gau eskolako lehendakari karguak buruhausterik eragiten dizu ala ez horrenbestekorik?
Ez hainbestekorik ez. Aurten Korrika ere bagenuen, egia esanda, baina Zuberoako gau eskolan bulego eraginkorra daukagu. Elkarlan ohitura handi bat duen elkartean dago Lamiñak.
Beatriz Sagardoi, Zuberoako Gau Eskolako lehendakaria
«Euskaldun zaharrekin hitz egitea ez da oso erraza beti»
Allande Sokarros / MAULE Lamiñak Zuberoako gau eskolan mintza-praktika mailako ikasle Beatriz Sagardoi da elkarteko lehendakaria. Euskararen ikasteko nahikariarekin, oztopo eta zailtasun guztiak gailendu daitezkeela agerian uzten du bere ibilbideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu