Jose Maria Rivadeneya / EHU-ko irakaslea

«Euskara ikastea liberazioa zen lanetik irten eta gero»

Jose mari pastor - DONOSTIA

2005eko martxoaren 16a
13:18
Entzun
Kordoban (Andaluzia, Espainia) jaioa da Rivadeneya. Hiru urtean ikasi zuen euskara. Orain Informatika irakaslea da EHUn, Ibaetako campusean ematen ditu eskolak. Euskaraz.

Kordoban badago euskaltegirik?

Ez; nik dakidanez, ez. Ni Unibertsitatean ikastera etorri nintzen Euskal Herrira, Informatika ikastera. Bukatu eta gero, lanean hasi nintzen, eta orduan hasi nintzen serio euskara ikasten.

Gogoratzen duzu zein izan zen zure lehen elkarrizketa euskaraz?

Euskaltegitik kanpo diozu?Ba, ez, ez naiz gogoratzen.

Zaila izan zen euskaraz hastea?

Zaila bai, noski, batez ere hizkuntzaz aldatzea. Ni euskaraz hitz egiten hasi nintzen aurretik ezagutzen nuen jendearekin. Nik banekien euskaldunak zirela, baina nirekin erdaraz egiten zuten. Orduan euskaraz hitz egiten hasi nintzenean beraiekin komunikatzeko hizkuntza aldatzea zaila izan zen. Horrek asko murrizten du komunikazioa. Komunikazio aberats batetik bat-batean beste batera aldatzea, hizkuntza horretan mugatuta bazaude... Arlo horretan oso garrantzitsua izan zen besteen pazientzia, euskarari eustea, erdarara pasatu gabe.

Errazena eta zailena euskaraz?

Errazena fonetika, inongo zalantzarik gabe. Gaztelaniarekin alderatuta, oso doinu gutxi daude desberdinak direnak. Zaila, bereziki zaila, ba, gramatikaren alde batzuk, aditzena esaterako: potentziala, trinkoak...

Euskara ikasten hasten diren asko une larri batera heltzen dira, non ez aurrera ez atzera dabiltzan. Eta batzuek uztea pentsatzen dute. Zuri halakorik gertatu zitzaizun?

Halako krisialdi batean egon nintzen? Ez, ez. Nire ikaste prozesua azkarra izan zen. Kristoren ilusioarekin hasi nintzen ikasten, eta ilusio hori hasieratik bukaeraraino mantendu nuen, etenik gabe. Nik uste dut urte kopuru bat pasatzen baduzu euskara ikasten, ba, azkenean, hori zama bihurtzen dela. Oso ondo pasatzen nuen euskara ikasten, liberazio txiki bat izaten zen lanetik atera eta giroa aldatzea. Oso ondo pasatzen nuen, eta hiru urtean egin nuen dena.

Datu komunikazioa irakatsi duzu Unibertsitatean. Zein dira euskaraz komunikatzeko oinarriak?

Ikasteko gogoa eta kanpoan behar diren baldintzak: lagunak izatea horretan laguntzeko, euskara hobetzeko aukera izatea.

Zure ikasle ohi batek esan dit euskaraz espainolez baino hobeto ulertzen zaizula, erdaraz Andaluziako doinu eta fonetikaz mintzatzen zarelako.

Kar, kar, kar! Bai, hori esan didate behin baino gehiagotan, azentu gogorra mantentzen dut. Gehiagotan gertatu zait pertsona batekin euskaraz beti, eta egun batean pertsona horren aurrean erdaraz aritu eta hura guztiz harrituta gelditzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.