Euskaraz egin zuenekoa

Joan Paulo II.a 1982ko azaroaren 6an etorri zen, eta Loiolako San Inazio basilika eta Xabierko gaztelua bisitatu zituen.

2005eko apirilaren 3a
10:40
Entzun
oan Paulo II.a izan da Euskal Herrira etorri den Aita Santu bakarra. 1982ko azaroaren 6an izan zen hori. Egun horretan Euskal Herriko katoliko ugari Loiolako San Inazio basilikan (Gipuzkoa) eta Xabierko gazteluaren inguruan (Nafarroa) bildu ziren. Milaka izan ziren hura ikustera bildu zirenak. Bisitak ordu gutxi besterik iraungo ez zituen arren, oso egun luzea izan zen antolatzaileentzat eta, batez ere, Joan Paulo II.aren zain egon zen jendearentzat.

Aita Santua goizeko bederatziak aldera iritsiko zela esan zuten arren, jendea gauerdirako basilikako ateetan zegoen Joan Paulo II.a iristen zenerako lekurik egokienak hartzeko asmoz. Antolatzaileek 200.000 lagun inguru espero bazituzten ere, han izan zirenen arabera, ez ziren hainbeste izan Karol Wojtylaren etorrera ikustera inguratu zirenak. Hala ere, trenek eta autobusek zerbitzu bereziak eskaini zituzten Loiolara joan asmo zuen jendearentzako. Antolatzaileek adierazi zutenez, autobusek 700 bidaia inguru egin zituzten eta, horrez gain, jendeak antolatutako beste 300 autobus ere iritsi ziren Azpeitira.

Goizaldeko laurak alderako milaka ziren basilikako ateetan zain zeudenak. Adin guztietako jendea ikus zitekeen han. Horien artean, hura ikusi ahal izateko klausuratik atera zen moja bat.

Antolatzaileek ekitaldi guztiak ondo lotuta zituzten arren, Joan Paulo II.a Gasteizen, Forondako aireportuan zen, oraindik, goizeko bederatzietan. Hasieran antolatzaileek arazo teknikoak izan zirela argudiatu zuten arren, gero jakin ahal izan zenez, segurtasuna izan zen atzerapenaren arrazoia. 45 minutu geroago, baina, Vatikanoko burua iritsi zen Loiolako basilikara eta han bildu ziren 100.000 inguru jarraitzaileek Inazio gure patroi handia abestuz egin zioten ongi etorria.

Wojtyla ikustera inguratu zirenen artean zeuden, Carlos Garaikoetxea garai hartako lehendakaria eta Jose Maria Setien Donostiako gotzaina ere. Harrera egin ostean, eta San Inazioren jaiotetxean otoitzean egon ondoren basilikara sartu zen Aita Santua.

Euskaraz hasi zuen bere hitzaldia. Vatikanoko buruak erlijiosoei hitz egin zien lehenik. «Sinestunek zuek bezala maitatzen ikasi behar dute ulertezintasuna eta gorrotoa gainditzeko. Bakeaz hitz egiten irakatsi behar diezue tentsioak eta bortxakeria baztertu ahal izateko», esan zuen.

Ondoren herritarrei hitz egin zien Joan Paulo II.ak: «Kristautasunaren, giza balioen eta kulturaren garrantzia kontuan hartzen dituzue. Hizkuntza, ohiturak eta instituzioak zaintzen dituzue. Baina badira ideologia materialista eta bortxakeriara jotzen dutenak ere. Ni ere izan naiz bortxakeriaren biktima. Ideia horiek defendatzen dituztenek bide berriak probatu beharko lituzkete. Bortxakeria Jainkoaren aurkakoa da».

Pankartak eta oihuak Xabierko gazteluan

Xabierrera ere ordu batzuk lehenago iritsi zen jendea. Goizaldeko seietarako milaka ziren gazteluaren inguruetan pilatutakoak. Horietako askok Aita Santuaren aldeko pankartak eraman zituzten. Denetarik irakurri zitekeen haietan: Nola daiteke Jainkoaren ama niregana etortzea? eta Totus tuus ziren pankarta horietako batzuetan agertzen ziren lemak. Vatikanoko buruaren aldeko oihuak ere izan ziren. «Lurreko artzaina lagundu gaitzazu Jainkoaren bidea aurkitzen»eta antzekoak errepikatzen zituzten.

Loiolan gertatu bezala, baina, atzerapenarekin iritsi zen Aita Santua Xabierrera. Eguerdiko hamabiak alderako iragarri zuten hasieran etorrera, baina, ordu eta erdi geroago azaldu zen Vatikanoko burua. Nafarroako Foru Aldundiko kideek eta Jose Maria Zirarda Iruñeko artzapezpikuak egin zioten ongi etorria. Ondoren, Juan Manuel Arza Foru Aldundiko lehendakariak Nafarroako urrezko domina oparitu zion Aita Santuari.

Xabierko gazteluan eskainitako hitzaldian misiolariek egindako lanaren garrantzia nabarmendu nahi izan zuen Joan Paulo II.a aita santuak. «Xabierrek egin zuen bezala misiolarien ideiak bultzatu behar dituzue zuek ere, gorrotoa eta bortxakeria baztertuz», esan zuen Eliza katolikoko buruak.

Arratsaldeko hirurak aldera joan zen Wojtyla Euskal Herritik, Erromara itzultzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.