Eusko Legebiltzarrak ez du onartu alarde parekidea bermatzeko neurriak hartzea

SE-EEk, EAk, EAJk eta PPk herrian elkarrizketa bideak zabaltzeko gomendatzen duen testua onartu dute

2006ko ekainaren 30a
09:48
Entzun
Estitxu Ugarte

Gaur, Irunen, ospatuko den alardea bakarra eta parekidea izan dadila neurri zehatzak hartzeko eskaera atzera bota du Eusko Legebiltzarrak. EABk aurkeztu eta Aralarrek babestu duten legez besteko proposamena arbuiatu zuten, atzo, Eusko Legebiltzarraren Emakumea eta Gazteriaren Batzordean PSE-EEk, EAk, PPk, eta EAJk. EB-Berdeen ordezkaria bileran izan ez bazen ere, talde horiek guztiek EABren proposamenaren kontra aurkeztutako emendakina sinatu zuen. Azkenean, beraz, berdintasun eskubidea bermatzeko elkarrizketa bideak zabaltzea gomendatzen duen testua onartu zuten.

Horrenbestez, Eusko Legebiltzarra «Arartekoak egindako eskaria baino atzerago» geratu dela nabarmendu zuen Aralar taldeko legebiltzarkide Aintzane Ezenarrok, eta hauteskunde interesak tartean daudela salatu zuen. EABren legebiltzarkide Ane Auzmendik azaldu zuenez, gaur «inork ez du ezer egingo Berdintasunaren Legea betearazteko. Jaurlaritzak ez du inolako neurririk hartuko, eta lege hauste nabarmenen aurrean beste aldera begiratuko du».

Gainerako talde politikoen jarreraren harira, Auzmendik adierazi zuen emendakina aurkeztea «legea hausten ari diren alkateei babesa ematea» dela, eta emakumezkoen eskubideen zapalkuntzan «eragile aktibo bilakatzea».

Onartutako testua babestu zuten legebiltzarkideek herrian zabalduta dagoen «gorrotoa» eta «ezinegona» aipatu zituzten, elkarrizketaren aldeko gomendioari eusteko. Gainera, Eusko Jaurlaritzak jada neurriak hartu dituela adierazi zuten. Nolanahi ere, EAren legebiltzarkide Onintza Lasak aitortu zuen keinu sinbolikoaz gainera, urrats ausartak egin behar direla.

PSE-EEko ordezkari Esozi Leturiondoren irudiko, Eusko Legebiltzarrak ezin du agindu jaiak nola antolatu behar diren, «emakumeen partaidetza lagundu dezake, eta gomendioak egin, baina ez esan nola antolatu behar diren jaiak».

EAJren legebiltzarkide Gema Gonzalez Txabarrik, bestetik, neurriak zehaztea galdegin zien Aralarri eta EABri, eta Ertzaintza alarde baztertzailearen kontra bidaltzea nahi ote zuten galdetu zien. Gainera, Jaurlaritzak aspalditik egina duela berdintasunaren aldeko apustua esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.