Exorzista 'Urbi et Orbi'

Agintaldi luzean joera aurrerakoi asko exorzizatu zuen «komunismoaren deabrua» mundutik egozteko

2005eko apirilaren 3a
10:38
Entzun
Hiru exorzismo egin izana onartzen diote bere historialari ofizialek Joan Paulo II.a Eliza katolikoko buruari. Horietako bat 1982. urtean gertatu omen zen, Vatikanoan. Deabruak hartuta lurrean itzulika zebilen emakume gazte bat izan zen Karol Wojtylaren eskutik sendabidea jaso zuena. Haatik, atzo hildako agintari erlijiosoak eginiko exorzismo ariketarik handiena ez dute jasotzen haren hagiografoek: komunismoaren mamuaren kontrakoa munduan eta etxean ideologia aurrerakoi ororen aurkakoa.

Komunismoa borrokatzearren naziekin bat egin izana eta juduen holokaustoa ekinez edo utzikeriaz lagundu izana leporatzen diote Wojtylaren aurreko Pio XII.ari . Halako salaketatik libre dago Wojtyla poloniarra. Izan ere, juduak naziengandik ihes egiten laguntzeko sare bateko kide ibili zela dio historia ofizialak. Hala ere, komunismoaren kontrako grina sutsua zen jada Karol Wojtylarengan, Krakoviako artzapezpiku kargutik Varsoviako gobernuari aurre egin zionean.

Reagan, Thatcher, Wojtyla hirutasuna

«Espiritu Santuaren beharra dugu garai latzotan», adierazi zion Joan Paulo II. bilakaturiko artzapezpiku poloniarrak Vernon Walters CIAko buru ohi eta Ronald Reaganen ordezkariari. Sozialismo errealaren amaiera ez zen Espiritu Santuaren lana izan, baizik eta Ameriketako Estatu Batuetako, Erresuma Batuko eta Vatikanoko indar kontserbadoreen ekimena.

Waltersen eta Wojtylaren arteko lehen bilera 1981eko azaroaren 30ean izan zen. Zazpi hilabete lehenago William Casey CIAko zuzendaria izan zen Aita Santuarekin. Bilerotan bloke komunista eta Latinoamerikako ezkerreko mugimenduak zapuzteko estrategiaz aritu ziren Vatikanoan. Jimmy Carterren Nazioaren Segurtasunerako aholkulariak —Zbigniew Brzezinski poloniarra— 1980an dagoeneko iragarri zion Wojtylari AEBak prest zeudela Solidarnosc sindikatuari diruz laguntzeko.

AEBen politika sostengatu izana abortuaren kontrako jarrera gotorrarekin ordaindu zioten gero AEBek. Mundu osoan familia plangintzarako ematekoa zen dirua blokeatu zuen Etxe Zuriak.

Latinoamerikako frontean, Augusto Pinocheten diktadura zuritzeko lana egin zuen Vatikanoak urteotan. Txilera 1987an bidaia egin aurretik, Jaruzelski jenerala Pinochet baino gaiztoagoa zela esan zuen: «Txilen, egia esan, diktadura dago, baina Polonian ez bezala, behin-behinekoa da». Horretaz gain, Pinochet salatzen zuen Santiago hiriburuko artzapezpikua —Raul Silva Henriquez— erretiratu zuen eta haren ordez, diktadurarekin hobeto moldatzen zen Juan Francisco Fresno izendatu zuen.

Etxea garbitzen

«Aita Santuak kargu hartu dio apaiz sandinistari», esan zuten munduko hedabideek 1983ko martxoaren 4an. Sandinistek gobernaturiko Nikaraguara eginiko bidaiaren lehen egunean, hegazkinetik jaitsi eta berehala, Joan Paulo II.ak jendaurrean errieta egin zion Ernesto Cardenal apaizari. Managuako gobernu iraultzailean Kultura ministro lanetan ari zen Askapenaren Teologiako ordezkaria.

Kubara 1998ko urtarrilean eginiko bisitaldian, marxismoa gaitzesteaz gain, Eliza katolikoak uhartean zituen oztopo praktikoei erreparatu zien Wojtylak. Estatu moderno bat ezin dela ateismoan oinarritu esan zuen. Uhartearentzat «urratsez urratseko trantsizio politikoa» proposatu zuen.

Liberalismoa

Wojtylakneoliberalismoa ereizan zuen hizpide Kubara eginiko bidaian. «Sistema horren arabera, mozkinak eta merkatuaren legeak parametro absolutuak dira, pertsonen eta herrien duintasunaren kalterako», esan zuen. «Horrela, batzuetan, egitasmo ekonomiko jasanezinak ezartzen zaizkie nazioei. Horren bidez, nazioartean batzuk neurrigabe aberasten dira, beste asko pobretuta». Horren haritik, «bidezko ordena ekonomikoa» eratzeko eskatu zien nazioarteko erakundeei. Eliza katolikoa «beti bidegabekeria jasaten dutenen alde» izango zela agindu zuen.

Bidegabekeria horri aurre egiteko «benetako konponbidea», halere, «elkartasuna» baino ez dela nabarmendu zuen hurrengo urtean zapatisten matxinadaren urteurrenean Mexikora egindako bisitaldian.

Vatikanoko diplomaziaren baliabide oro jarri zuen indarrean 2000. urteko martxoaren amaieran Ekialde Hurbilera eginiko bidaian. Hiru monoteismo handien sorburuan, oreka zaila gordetzen saiatu zen Wojtyla. Juduekin, holokaustoa gogoratu zuen. Arabiarrekin, Al Aksako meskitara egindako bisitarekin, Islamaren eta Eliza katolikoaren arteko adiskidetasuna irudikatu zuen.

Iraken inbasioa

Dagoeneko 1991ko Golkoko Gerran, Washingtonen gerrazaletasunetik urrundu nahi izan zuen Vatikanoak. Hamabi urte geroago, Irakeko inbasioa dela-eta, superpotentzia bakarraren ahalmen mugagabearen aurrean ahotsa altxatu zuen Aita Santuak. Irakekoak ez zituen betetzen, nonbait, Eliza katolikoak «gerra zuzenari» eskatzen dizkion baldintzak. Horretaz gain, Bushen prebentzio gerrarako dotrina gaitzetsi zuen.

Wojtylaren ondorengoak ildo eskuindarretik jarraituko duela ziurtatzeko neurriak hartuak dira aspaldi. Kardinalen Kolegioa apaiz aurrerakoiak kanpoan uzten joan da. Kristoren Legionarioei eta Opus Deiko kideei ardura garrantzitsuak eman dizkiete Vatikanoan, Wojtyla bera haien sareetan harrapaturik gelditu arte, hainbaten arabera. Ostiralean bertan, hilzorian zela, apezpiku eta Vatikanoko goi kargu mordoa izendatzeko dekretuak sinatu zituela zabaldu zuten berri agentziek. Nork mugitu zuen eskua, ordea?

Europan zein Eliza barnean komunismoaren exorzismoa ziurtatuta joango da hobira Wojtyla. Otsailaren 17an antolatu zuen Vatikanoak exorzistak hezteko lehen unibertsitate ikastaroa. Etorkizunean hiria eta mundua garbi gorde ditzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.