Aralarko legebiltzarkide Aintzane Ezenarrok ezker abertzaleko eledun Arnaldo Otegiri erantzunez esan dio “sektore abertzaleetako indarrak biltzeak indarkeria behin betiko uztea eskatzen” duela. Gipuzkoako legebiltzarkide Oxel Erostarberekin batera Donostian eginiko agerraldian alderdiaren ekinbidea azaldu dute biek, PSE-EEk PPren babesarekin gobernua osatzeko kasuan, “hipotesirik okerrenean”. Gainera, aurrera begira alderdiak jorratuko dituen lau ardatzak zeintzuk diren azaldu dute: "Krisia, euskara eta hezkuntza, erabakitzeko eskubidea eta indarkeriaren zurrunbiloarekin amaitzeko ekimenak izango dira aztertuko diren gaiak".
Zentzu horretan, landu beharreko esparru horietaz hitz egiteko bilerak egingo ditu Aralarrek datozen egunetan eragile sozial eta politikoekin.
“Aralarrek PSE-EEren eta PPren arteko fronteari erantzuteko ekimena abiatuko du, baketze, euskara, ekonomia eta erabakitzeko eskubidearen alorretan atzeapausoak ematea eragozteko, eta ez dugu baztertzen gizarteari mobilizatzera deitzea”, azaldu du Ezenarrok.
Hala, atzo Otegik egin bezala, “abertzaleen ekintzarako batasuna” defendatu du Aralarko ordezkariak, baina argi utzi du “indarkeriatik aldentzeak” izan behar duela elkarlanaren ardatza. Gainera, zehaztu duenez, elkarlan hori ez da soilik subiranotasunaren aldeko borrokan zentratu behar; haatik, arestian aipatutako arloetan hurrengo gobernuaren ekinbideari aurre egitean ere jarri behar dira indarrak.
Horrez gain, nabarmendu du bere alderdiak segitu egingo duela ezker abertzaleko erakundeen legez kanporatzea, eta exijitu egin du inork ez dezala Aralar babestzat har “justifikaezina dena justifikatzeko”, “zeren eta Legebiltzarrak ez ditu ideiak ordezkatzen, pertsonak baizik, eta gaur egun 90.000 lagun baino gehiagok ez dute ordezkaritzarik”, esan du, D3M plataformaren aldeko boto paperen –teknikoki baliogabeak- gutxi gorabeherako kopurua emanaz. Martxoaren 1eko bozetan guzira 100.924 boto baliogabe izan ziren; 2005ean 4.000 inguru, baina ordu hartan ezker abertzaleak aurkezterik izan zuen, EHAK alderdiaren bidez.
“Hauteskundeetan egoterik izan ez dutenen ordezkariekin egongo gara, iritziak trukatzeko, eta legez kanporatzeen eta kartzelatzeen kontra zer egin dezakegun ikusteko, baita haiek parte-hartzerako bide bat izan dezaten egon daitezkeen aukerak aztertzeko ere”, azaldu du Ezenarrok.
Ezenarrok Otegiri: "Sektore abertzaleetako indarrak biltzeak indarkeria behin betiko uztea eskatzen du"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu