Hamabigarren egunez altxamendu giroan jarraitzen dute Egipton, baina kalera atera diren herritarren helburu nagusia lortu gabe: hots, Hosni Mubarak presidenteak agintetik eta herrialdetik alde egitea. Horrenbestez, protesta gune nagusietan, bereziki, Kairoko Tahrir plazan, milaka eta milaka lagunek erregimenaren kontra daudela adierazten segitzen dute, eta, halaber, Mubarakek aginteari heltzen dio gobernu aldaketa eta bestelako zenbait erreforma gauzatu arren.
Egipton tentsioz betetako itxarote horretan jarraitzen duten bitartean, nazioarteko agintariek egoera bideratu nahian dabiltza, batik bat, aintzat hartuta han gertatzen denak eragina duela Ekialde Hurbileko eskualde gatazkatsu guztian.
Ildo horretatik, erreformei ekiteko mezu argia helarazi die Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak inguru guztiko herrialde arabiarrei: eskualdean lehertu dena "ekaitz perfektua" dela iritzi dio, eta ezinbestekoa dela herrialde arabiarretako egungo status quo-ari eustea. "Egiazko erreforma demokratikoak egin behar dira. Hori da Tunisian, Kairon eta eskualde guztiko beste hainbat hiritan manifestaraziak kalera aterarazi dituena. Status quo-a eutsiezina da", adierazi du Munichen (Alemania) segurtasunari buruzko goi-bileran. Erreboltak orain menderatu arren, hilabete batzuren buruan egoera berean egongo direla ohartarazi die inguru hartako agintariei.
Go-bilera berean Angela Merkel Alemaniako kantzilerra ere mintzatu da Egiptoko altxamenduaz, eta erregimena lehenbailehen aldatu eta trantsizioa abiatu behar dela azpimarratu duen arren, hauteskundeak oraindik ez egiteko aholkatu die egiptoarrei. Izan ere, Merkelen iduriko, hautesunde prozesu bat martxan jartzeko egonkortasuna bermatzea ezinbestekoa da.
Ezinezkoa da herrialde arabiarretan 'status quo'-ari eustea, AEBen arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu