Ezker abertzalea: "Akordio historikoa izan da"

2012ko urriaren 16a
12:35
Entzun

Donostian eginiko agerraldian, Maribi Ugarteburu eta Pernando Barrena ezker abertzaleko eledunek azaldu dute “etorkizuna libreki erabaki ahal izateko tresna” izango dela erreferenduma, eta “inbidiarik sanoenarekin” begiratzen diotela Erresuma Batuko eta Eskoziako gobernuen arteko akordioari, “demokraziaren aldeko ariketa gardena delako beste ezer baino lehen”. Ezker abertzalearen ustez, akordio horrek Espainia "estualdi larrian" jartzen du: “Gaur inoiz baino geiago erabateko bakardade politikoan, isolatuta, dago Espainiaren jarrera”.

“Raxoiren gobernuak azaldu beharko du Europako zabalera osoan zer dela-eta autodeterminazio eskubidea eskubide demokratikoa den Erresuma Batuan, eta bitartean, nola egiten duen mehatxu hemen tanke edo gartzelarekin Katalunian eta Euskal Herriaren kasuetan; paradoxa ulergaitza da prisma demokratikotik begiratuta”, ohartarazi dute.

Nabarmendu dute ezker abertzaleak "hamarkada luzeak" daramatzala gatazka politikoari amaiera emateko elkarrizketak egiteko eskatuz, eta beti ateak itxita aurkitu dituela.

"Bigarren trantsizio bati" ekitea beharrezkoa dela ere azaldu dute agerraldian. Lehenengoa ez zela ongi egin adierazi dute, eta bigarren horretan "nazionalitate historikoen autodeterminazio eskubidea aitortuko duen marko legala" eratzea beharrezkoa dela.

Gaineratu dute EAJ, PSE-EE, PSN eta GeroaBai-ri hauteskundeen ostean eskatuko dietela erabakitzeko eskubidearen inguruan akordioa lehenbailehen lortzeari ekiteko. “Konponbideekiko eta Europan Euskal Estatu libre baten eraikuntzarekiko” bere konpromisoa berretsi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.