"EAJk argi eta garbi adierazi du azken hilabeteotan zein de bere jardun politiko osoaren oinarri bakarra, bai bere jardun instituzionala, bai bere erromeriako diskurtso soberanista: datozen hauteskunde autonomikoak. Hori da PNVren lehentasun bakarra". Hala esan du gaur Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kideak prentsaurreko batean.
"Ondorioz, EAJk egiten duen kalkulua da bere helburu elektoral eta politikoak erdiesteko modurik egokiena dela PPren estrategiarekin erabat lerrokatzea. Horren eszenifikazioak izan dira Espainiako Kongresuko ituna eta hura Euskal Herrira ekartzeko egindako ahalegin guztiak, Gasteizko Legebiltzarreko ponentzia osatu den arte. Bitartean, Euskal Herrian konponbidearen alde, eskubideen alde edota burujabetza politiko eta ekonomikoaren alde, eta Madrilgo erreformen aurka garatzen den dinamika orori bizkarra emateko aitzakiak jartzen dabil EAJ iraunkorki".