Ezker abertzaleak eta PSEk gezurtatu egin dute bildu direla

2010eko urriaren 29a
17:02
Entzun
PSE-EEk eta ezker abertzaleak gezurtatu egin dute euren arteko bilera egin zutela duela zenbait aste. Zenbait hedabidek gaur argitaratu dute biek batzarra egin zutela, baina PSEk ohar baten biden jakinarazi du Sinn Feineko kideekin bildu zela Bilbon eta han ez zela ezker abertzaleko kiderik. Hedabide batzuek diote Rufi Etxeberria eta Jone Goirizelaia ere han zirela.

Ezker abertzaleak ere oharra atera du. Aitortu du "interlokuzio dinamika zabala" ari dela garatzen "Euskal Herriko, Espainiako Estatuko eta nazioarteko eragile ezberdinekin", baina ezker abertzalea-PSE bilerarik ez dela izan jakinarazi du. "Bilera hori ez da burutu".

"Azken hilabeteetako toxikazio saiakerak" salatu ditu ezker abertzaleak. "Momentu politikoak eskatzen duen tamainako arduraz jokatzeko exijitu nahi diegu eragile politiko eta hedabideei".

Zenbait egunkarik gaur argitaratu dutenez, Jose Antonio Pastor PSEko Eusko Legebiltzarreko bozeramailea eta Alfonso Gil alderdiko antolakuntza idazkaria ezker abertzaleko bi ordezkari haiekin azken hilabetean behin bildu dira, gutxienez. Hedabide horien arabera, ezker abertzaleak politikaren aldeko bere egitasmoa aurkezteko egin zuen bilera. Bilera Sinn Feineko ordezkariak Euskal Herrian zeudela egin zela ere badiote egunkari horiek.

Zapaterok informazio faltsuek eragin larririk ez eragiteko eskatu du

Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterok bere egin ditu PSE-EEren bertsioa, eta ustezko bileraren inguruko "informazio faltsuek eragin larririk" ez eragiteko eskatu du.

PSOEko beste hainbat ordezkarik ere ezeztatu egin dute PSE-EE eta ezker abertzalearen arteko bilera. Hala, Jose Blanco Espainiako Sustapen ministroak adierazi duenez, "ez da bilerarik egon". Haren aburuz, ezker abertzaleak ETArekin hausten ez duen bitartean "ez dago ezer esateko". Manuel Chaves Espainiako hirugarren gobernuburuordeak eta Marcelino Iglesias PSOEko antolaketa idazkariak ere gezurtatu dute bilera.

Jesus Egiguren PSEko presidenteak, aldiz, esan du Batasunarekin bilera egitea ez litzatekeela "larria" izango.

Eusko Jaurlaritzak jarrera “berbera” mantentzen du

Eusko Jaurlaritzak orain arteko jarrera “berbera” mantentzen duela adierazi du Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak. PSEren eta ezker abertzalearen arteko bilerarik ez dela egon esan du, eta “adierazpenen ordua ez, baizik eta ekintzena” dela. Haren ustez, “horrelakoetan desira errealitatearekin nahasten da, eta ez da komenigarria”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.