Mondragon taldeak jakinarazi duenez, dagoeneko 417 dira Fagor Etxetresnetako langileak taldeko beste enpresetan ari direnak. "Korporazioak enpleguarekin duen konpromiso irmoa gauzatzen ari da", esan du Arrasateko taldeak ohar batean. Konpromiso hori 1.100 langile-bazkide lanean jartzeko edo erretiroa eskaintzekoa zen, eta horren harira, datorren sei hilabetean 400 langile gehiago lanpostu berrian jartzeko plan bat egiten ari da Mondragon. Kooeratibak "erantzun aparta" ematen ari direla dio Mondragonek, "batez ere industria arloan".
Lagun-Aro EPSVren Batzarra
Abenduaren 27an Lagun-Aro EPSVren Batzar Nagusia izango da. Kontseilu Errektoreak Enplegu Laguntzarako prestazioaren kuota igotzea proposatuko du, %1,55 langileko kooperatiba guztientzat BERRIA-k aurrratu zuen moduan. Konkurtso prozesuetan sartuta dauden enpresetarako 55 urtetik aurrera erretiro aurreratua eskuratzea sustatuko duten neurriak hartzea ere badago mahai gainean. Erretiro aurreratua hartzeko aukera duen Fagor Etxetresnetako bazkideen kolektiboan 300 pertsona baino gehiago daude. Disoluzioan dauden kooperatibetako aurretiko erretiratuek soldataren %80ko pentsioa jasotzea proposatuko da, baina hamabi lansarirekin, eta ez hamalaurekin beste kooperatibetako erretiratuak bezala. Hala ere, %80 jasoko lukete hilero Fagorreko erretiratuek (euren enpresa disoluzioan dagoenez), eta ez %60. Arrisku hori ere badute, beste %20 enpresak egindako ekarpena izaten baita, eta euren kasuan ez dute atzean enpresa, bistan denez.