Fagorrek aurrekontuen aldaketa eragingo du Gipuzkoan

2013ko azaroaren 19a
19:40
Entzun

Fagor Etxetresnen erorketaren uhina luzea da, eta erakunde publikoen aurrekontuak moldatu beharra ere ekarriko duela ohartarazi du Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Konkurtso legean sartu den kooperatibak 16 milioi euroko zuloa lagako dio Gipuzkoako Ogasunari, BEZarengatik, langileen soldatei egindako atxikipenengatik eta Fagor Etxetresnen ekarpenak erosi zituztenek kobratutako interesen atxikipenengatik. Konpainiak ez du zorrik sozietate zergari dagokionez, azken bost urteetan ez duelako etekinik izan.

Fagorren krisiak Gipuzkoako «aurrekontuen errealitatea» aldatuko duela azaldu du Garitanok, eta 2014ko aurrekontuetarako aurreikusitako zenbakiak «berriz kalkulatu» beharko direla. Zenbaki berriek «Fagor efektua islatu beharko dute», Garitanoren esanetan. Konkurtso legera sartzeak Gipuzkoako Ogasunaren bilketa txikitzea eta, aldi berean, gastu soziala handitzea eragingo duela ere iragarri du.

Arrasateko kooperatibak 2008az geroztik galerak izan arren, Diputazioak azaldu du orain arte Ogasunari egin beharreko ordainketak egiten aritu dela. Joan den legealditik hona 42 milioi euroko zorren ordainketa atzeratuz eta berrantolatuz joan dira, eta kooperatibak egin ditu adostutako ordainketak. Baina konkurtso legera joan ostean ez du ordaintzen jarraitu, eta 16 milioi euroko zuloa utzi dio Gipuzkoako Ogasunari.

Debagoienaren azterketa

Gaur bertan Debagoieneko alkateek egindako txosten bat izango du esku artean Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Fagor Etxetresnen erorketak, konpainiako 1.800dik gora langile-bazkideez gain, eskualdean izango duen eragina islatuko du txostenak. Garitanok baieztatu du 200 enpresa ingururi kalte egin diezaiekeela Fagorren itxierak.

«Hauteskunde giroa badago ere», 2014ko aurrekontu berriak onartzeko lankidetza eskatu die ahaldun nagusiak oposizioko alderdiei, «arazoa denona delako». Bestalde, Rafaela Romero PSEko bozeramaileak azaldu du konkurtso legearen arabera posible dela Gipuzkoako Diputazioa konkurtso administratzailearekin batera sartzea prozeduran, aldundia «pribilegio orokorreko hartzekodun titularra» delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.