Familiaren mamuak

2014ko otsailaren 7a
18:27
Entzun

Urtarrilaren 19an abortatzeko eskubidearen kontra Biziaren aldeko Martxak; hurrengo igandean, urtarrilaren 26an, gobernuaren kontrako Haserre Eguna; eta hurrengo igandean, otsailaren 2an «familiafobia» salatzeko Manifestation pour tous (denon aldeko manifestazioa). Alderdi sozialista boterean egonik, eskuin muturraren inguruko mugimenduak kalera ateratzen hasi dira, arrakasta handiz edo txikiz, protesta egiteko. Politikari eta soziologoak mugimendu horiek esplikatzen saiatzen ari diren bitartean, haietako batzuek lehen garaipena lortu dute. Astelehen honetan Matignonek jakinarazi du apirilean aurkeztekoa zuen Familiaren Lege proiektua ez dela urte honetan eztabaidatuko.

Horrek esan nahi du, besteak beste, atzeratu egin dela lesbiana bikoteentzako ernalketa lagunduaren eta alokairuko amen legeztatzea, gutxienez 2015. urtera arte. Esan gabe doa, gaia Familiaren Lege berrian sartuko zela iragarrita, onartu gabe jarraituko duela bikote homosexualentzako adopzio eskubideak ere, zeina ezkontza homosexualak legeztatzen zituen iazko legetik kanpo gelditu zen. Eta genero berdintasunaren inguruko eskoletako irakaskuntzan Berdintasunaren abezea esaten zaiona ere zalantzan jartzen da, berez, Familia Legearen barnean aurreikusten zelako.

Estereotipoak

Deigarria da: Asanblea Nazionaleko emakumeen eta gizonezkoen arteko Berdintasun Legea onartzen zuen egun berean —lege horretan badaude estereotipoak borrokatzeko neurriak, hala hedabideetan nola kazetaritza eskoletan—, antzeko asmoak dituen lehen heziketarako irakaskuntzaren kontrako boikotera deitu zuten urtarrilaren 24tik 27ra, "eskoletan homosexualitatea erakutsi" nahi dutela argudiatuz. Toki bakan batzuetan izan zuen jarraipena boikot deiak, baina joan den igandeko manifestazioen ikur bilakatu zen; Hollanderen gobernuak "familia tradizionala" hausteko dituen asmoen "froga".

Gobernuaren arabera, estereotipoen kontrako irakaskuntzaren helburua mutiko eta neskatoen arteko desberdintasunen kontra egitea da, haiek txikitatik jokaera jakin bat izatera bultzatzen dituzten arauak auzitan jarriz. Adibidez, neskatoak jolas leunagoetara bideratuta, normaltzat jotzen da mutikoak "basatiago eta lehiakorrago" izatea, eta hori gero desabantaila bihurtzen da neskato horientzat, zaintzarekin zerikusia duten kualifikazio eta ordain txikiagoa duten lanbideetara jotzen dutenean, zientziarekin zerikusia duten lerroak baztertuz, eta rolen banaketa tradizionala betikotuz. Berdintasunaren abezea, finean, tresna pedagogiko bat da halako joerak haustea lortzeko, estereotipoak jomugan ezarriz. Iaz hasi zen, proba gisa, tresna ezartzen, horretarako borondatea erakutsi zuten hamar eskoletako 600 ikasgelatan.

Baina generoaren ikerketaren alorreko tresna hau, eskuinarentzat, Genero teoria delakoaren aplikazioa besterik ez da. Eskuin muturra eta populismo erlijiosoa urrunago joan dira, eta "homosexualitatearen irakaskuntza" dela salatu du. Frantziako Gobernuak familia tradizionala hautsi nahi duela diote, Hollanderen gobernuari "familiafobia" duela egotziz. Hori leporatu zioten joan den igandeko manifestazio jendetsuetan.

Eskuineko alderdiak —bai UMP eta bai Fronte Nazionala— gainditzen dituen mugimendu horren oihartzuna eta indarra bat datozen oraindik argitzeko dagoela, igandeko manifestazioaren antolatzaileek "garaipena" aldarrikatu zuten gobernuak Familia Lege proiektua atzeratuko zuela iragarri bezain pronto. Beste aldean, ezkerreko gehiengoaren barnean, hainbat ahots altxatu dira Hollanderen erabakiaren kontra, baita bere alderdi barruan ere. Eta bitartean, Hollanderengako herritarren konfiantza %20 behera amildu da, aspaldiko urteetan Frantziako presidente batek izandako babes txikiena, gustura jende gutxi uzten duen seinale.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.